Torrealdaik, Carracedok eta Luacesek Gernikan jarraituko dute
SD Gernika Clubak asteon jakitera eman duenez, bi urterako luzatu dute kontratua Lander Torrealdai eta Jon Carracedo kapitainek. Era berean, Javi Luaces entrenatzaileak beste urte betez jarraituko duela jakinarazi zuen klubak aurreko astean.
Pozik eta gogotsu daude bi kapitainak, eta zaleen zein taldekieen babesa eskertzeagaz batera, azken urteak “ikusgarriak” izan direla nabarmendu dute.
Torrealdaik adierazi duenez, hamargarren denboraldia betetzeko gogotsu, eta taldeagatik “dena emateko” prest dago. Helburuak mailari eustea eta zaleek haiekin gozatzea direla esan du gernikarrak.
Carracedo durangarrak seigarren denboraldia beteko du, eta taldean segitzea bere “lehen aukera” zela azaldu du. “Gernikan orain dela urte batzuk bizi izan zen futbolerako giroa bueltatzea lortu dugula uste dut. Partida guztiak jendez betetzen dira, eta horregatik eskerrak eman nahi dizkiot afizioari, gure garaipenak haienak ere baitira”.
Luacesek klubari, herriari eta jokalariei eskerrak eman dizkie, haiei esker lortu duelako entrenatzaile moduan haztea, gozatzea eta momentu pozgarriak konpartitzea. Lehen taldeko entrenatzaile moduan bosgarren denboraldia jarraian beteko du.
Orain dela hamasei urte Gernikako umeen taldeagaz zeukan “ilusio eta lan beragaz” segituko duela zehaztu du busturiarrak. “Erronka polit bat daukagu, eta berriz ere denon artean aurrera aterako dugu”.