Beste behin, herriko liburutegiaren egoera salatu eta ikasteko leku «duin» bat aldarrikatu eta exijitu dute Gernika-Lumoko ikasleek.
Atzoko osoko bilkura baliatuta, batzar aretora sartu eta alkate eta zinegotziek okupatzen dituzten besaulkietan eseri ziren ikasleak. Behin bertan, eta liburuak zabalik, herriko liburutegiko «leku falta» eta bertan dituzten «baldintza txarrak» salatu zituzten, modu sinbolikoan.
Ikasle horiek beraien aldarrikapena egin eta «lekua ez edukitzea zer den azaldu» nahi izan zuten; «ez eztabaidatu». Egoera ikusita, baina, udal gobernuak ez zuen batzar aretoan egon nahi izan. Udaltzainek hala eskatuta, ikasleak publikoarentzako eserlekuetan jesarri ziren, eta orduan sartu zen udal gobernua batzar aretora. Behin bertan, herriko alkate Jose Mari Gorroñok azaldu zien osoko bilkuran hitz egin ahal izateko aurretiaz idatziz egin behar dela eskaria, eta isilarazi egin zituen ikasleak.
Oposizioak, bere aldetik, herriko gazteen aldarrikapena «zilegia» zela eta, gazteei hitz egiten uzteko eskatu zion udal gobernuari. Era berean, gazte horien ekimena «orijinala eta neurrikoa» izan zela uste dute; «bitxia akaso, baina inolaz ere errespeturik gabekoa».
Gazteek 16.000 biztanleko herri batean 50 pertsonentzako lekua besterik ez egotea kritikatu zuten, eta egoera horren aurrean, 50 kexa baino gehiago sartu izan dituztela gogoratu zuten. Hala ere, beraien eskariak ez direla entzun izan salatu zuten, eta liburutegi «duin» bat lortu arte ez zutela etsiko adierazi zuten.
Foru plazan, prentsaurrekoa
Batzar aretotik atera eta foru plazan prentsaurrekoa eman zuten Egurre gazta asanbladakoek; kalea beraien borroka esparru bihurtuz. Izan ere, «kalean ez dago mugarik, eta oztopo guztiak tresna bihurtzen» dituzte.
«Herriaren beharrizanei erantzun beharrean, kapitalismoak ematen dizkizuen pribilegioak mantendu nahi dituzue, baina horrek mantentzea ez da erraza. Gazteok argi daukagu sistema horrek herritarron gehiengoa zapaltzen duela, eta horri aurre egitea beste aukerarik ez daukagu duintasunez eta aske bizitzeko». Horregatik, asanbladaz asanblada, harreman sareak eraikitzen jarraitzeko asmoa agertu dute, «herri boterea indartzen».