Bingen Arostegi Athleticeko bigarren entrenatzailea izango da
Bermeotarrak Athleticeko mutil gazteak entrenatu izan ditu, eta orain bi denboraldi Athleticeko nesken bigarren entrenatzailea izan zen. 2016an Joseba Agirreren laguntzaile zela, neskek Liga irabazi zuten.
Bestalde, 1997-1998 denboraldiaren azken zatian Bermeo Futbol Taldea zuzentzeko ardura eduki zuen; taldean 2.B mailan zela.
Athleticek atzo [maiatzak 31] jakitera eman zuen 2017-2018 denboraldian Kuko Ziganda buru izango duen talde teknikoa nortzuk osatuko duten. Athleticeko entrenatzaileak Bilbao Athleticen laguntzaile izandako lan taldearen ia gehiengoa izango du ondoan talde nagusian ere.
Imanol Etxebarria Athleticeko atezain izandakoak Aitor Iru ordezkatuko du atezainen hirugarren entrenatzaile modura.
Talde teknikoari dagokionez, Iban Urkiza ondarrutarra prestatzaile fisikoa izango da, eta Alberto Iglesias analista teknikoa eta Xabi Clemente lesionatutako jokalarien berreskuratzailea.