Artearen eta Bakearen jardunaldiek performance «hunkigarria» dakarte
Urriaren 23tik 28ra bitartean osatuko dituzte jardunaldiak. Atzo aurkeztu zuten horien baitan egingo den ekimen bat: Kolonbiako AgroArte elkartearen arte ekintzaAurten ere, Artearen eta Bakearen jardunaldiak antolatu dituzte urrirako, eta antolatzailee...
Urriaren 23tik 28ra bitartean osatuko dituzte jardunaldiak. Atzo aurkeztu zuten horien baitan egingo den ekimen bat: Kolonbiako AgroArte elkartearen arte ekintza
Aurten ere, Artearen eta Bakearen jardunaldiak antolatu dituzte urrirako, eta antolatzaileek horien baritan ospatuko den ekimen baten berri eman dute dagoeneko. Hala, Kolonbiatik datorren AgroArte elkartearen Cuerpos Gramaticales performancea aurkeztu zuten atzo.Urriaren 23tik 28ra ospatuko dituzte aurten Gernika-Lumoko aipatu jardunaldiak, eta adierazi dutenez, kultur etxeaz, Gernika Gogoratuz erakundeaz eta Bakearen Museoaz gain, Bilboko Bakeola zentroa ere ariko da antolakuntza lanetan.
Atzoko aurkezpenean Bakearen Museoko zuzendari Iratxe Momoitiok aurreratu zuenez, kaleetako artea izango da aurten jardunaldietan landuko duten gaia. Horrela, performance «oso ezberdin, hunkigarri eta erakargarri bat» eskainiko dute, besteak beste.
Hip-hopa eta artea
Kolonbiako Medellin hiriko Comuna 13 auzoko nekazari rap-kantariek osatzen duten elkartea da AgroArte. Hip hopa eta artea uztartzen dituzte. Comuna 13ko Orion operazioagaz eta La Escombrerako desagertutakoekin gertatutakoaren ondorioz sortutako erresistentzia prozesuaren baitan sortu zen elkartea.
«Lurraldearen ereileak gara. Nekazaritza erresistentzia egiteko modu bezala erabiltzen dugu, baina baita gure lurraldeaz hitz egiteko ere. Era berean, hip hopa, munduaren kontakizun gisa erabiltzen dugu», azaldu zuen atzo AgroArte elkarteko kide Wilmar Botina Boti-k.
AgroArte elkarteak Cuerpos Gramaticales performancea sortu zuen, Memoria, Verdad y Reconciliacion de mujeres colombianas en el exterior proiektuaren baitan. Horren asmoa memoria eta bakearen eraikuntzan egindako lanean sakontzea da, eta, horretarako, estrategia ezberdinez baliatu nahi du; arte adierazpenez, esaterako.
Testuinguru horretan sortzen da Cuerpos Gramaticales arte ekintza, «prozesu parte hartzaile gisara; aurretiko formakuntza ezberdinak eta azken emaitza bat biltzen dituena; betiere, memoria eta elkarrizketarako gune bat sortzeko helburu duena».
Hala, arte ekintza horretan, pertsonen talde batek bere gorputza lurperatuko du, «ereingo du», Comuna 13ko gerran sufritutakoaz katarsi kolektiboa egitekotan. Performancearen bitartez, alde batetik, gorputz-erresistentziari dagokion formakuntza landuko dute, eta, beste alde batetik, emozioen aldea landuko dute, memoriaren gaian sakonduz.
Botinak dioenez, oso garrantzitsua da kontatzeko daukaten modua, «belaunaldi berriek historia uler dezaten»; hala, bere ustez, «beharrezkoa da beste pedagokia zein hezitzeko modu batzuk ezartzea».