Ospitalera eraman dute Ibon Iparragirre presoa, pneumonia zantzuekin
Senideek azaldu dute duela bi aste egindako odol analisien emaitzen zain jarraitzen duela presoak, eta dituzten azken emaitzak 2016ko abenduan egindako odol azterketenak direla MIKEL SANTISOIbon Iparragirre Burgoa preso politiko ondarrutarra Principe d...
Senideek azaldu dute duela bi aste egindako odol analisien emaitzen zain jarraitzen duela presoak, eta dituzten azken emaitzak 2016ko abenduan egindako odol azterketenak direla MIKEL SANTISO
Ibon Iparragirre Burgoa preso politiko ondarrutarra Principe de Asturias ospitalera (Madril, Espainia) eraman zuten atzo goizean.Senideek jakitera eman dutenez, hiru egun eztul gogorragaz egon da presoa, eta hori dela eta, plakak ateratzeko eskatu zuen Iparragirrek berak. Pneumonia zantzuak aurkitu zizkioten presoari, eta ondorioz, Alcala Meco espetxetik Madrilgo Principe de Asturias ospitalera eraman zuten, «urgentziaz».
Senideek azaldu zutenez, duela bi aste egin zizkioten odol analisien emaitzen zain jarraitzen du oraindik Iparragirrek. Halaber, gogorarazi dute, azken odol analisiak 2016ko abendukoak direla, eta emaitza oso kezkagarriak ikusten zirela bertan. «Oraingo analisien emaitzak ez dira abendukoak baino hobeak izango».
Iparragirrek hiesa dauka 3C estadioan (gaixotasun estadio aurreratua). Oso larria da haren egoera, sendaezina, eta espetxe barruan are gehiago larritzen ari dena. Defentsak ere behar lituzkeena baino askoz baxuago dauzka.
Duela bi aste, Iparragirreren egoera kartzelagaz bateragarria ez dela zioen txostena aurkeztu zuten Osasun Publikoko Barrualdeko Eskualdeko zenbait medikuk. Besteak beste, Iparragirreren bizitza «arriskuan» dagoela ohartarazi zuten Nahia Aia eta Esti Gorostiaga medikuek, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen batzordean aurkeztu zuten txostenean.
Medikuek azaldu zuten gaixotasun mota horrek «inguru afektibo eta familiarra» eskatzen duela, eta Iparragirre espetxean egoteak kalte baino ez diola egiten bere osasun egoerari. Gainera, gogoratu zuten osasun arloko eta nazioarteko giza eskubideen elkarteek hiesa daukaten presoen inguruan emandako gomendioen arabera aske egon behar luketela, behar bezala artatuak izateko.
Torturaren Aurkako Munduko Erakundeak ere Iparragirrek aske egon behar duela iritzi zuen apirilean, «bere osasun egoera oso larria» delako. Dispertsioaren eraginez etxetik urrun egon behar izatea ere salatu zuen.