Helene Alberdik eta Mikel Elgezabalek irabazi dute Mutrikuko triatloia
Ander Portu izan da sailkapeneko lehen mutrikuarra. Arantza Burgoa Agirregomezkorta ondarrutarrak irabazi du beteranoen 2. mailan. Giro aparta egon da ibilbide osoanHelene Alberdi Sololuze zumaiarra eta Mikel Elgezabal Fernandez gernikarra igo ziren za...
Ander Portu izan da sailkapeneko lehen mutrikuarra. Arantza Burgoa Agirregomezkorta ondarrutarrak irabazi du beteranoen 2. mailan. Giro aparta egon da ibilbide osoan
Helene Alberdi Sololuze zumaiarra eta Mikel Elgezabal Fernandez gernikarra igo ziren zapatuan podiumaren gorenera Mutrikuko IV. Esprint Triatloian. Giro ikusgarria egon zen Mutrikuko moilan. Talaixa Triatloi Taldeak antolatuta, 200 parte hartzailetik gora bildu ziren zein baino zein gehiago. Proba Euskal Herriko zirkuiturako puntuagarria izan zen.750 metro igerian, 18,6 kilometro bizikletan eta 5 kilometro korrika egin behar izan zituzten parte hartzaileek. Elgezabalek 01:01:52ko denbora eta Alberdik 01:11:39koa behar izan zuen proba burutzeko.
Emakumezkoen podiuma Estefania Gomez Villanueva eta Pili Bodegas Prietok osatu zuten; gizonezkoena, Iker Ortiz de Zarate Nuñezek eta Iñaki Loinaz Garatek. Podiumak ez ziren esprintean erabaki, baina nahikoa estu egon ziren postu horietarako lehiak, batez ere gizonezkoena: 18 segundoren aldean sartu ziren Elgezabal eta Ortiz de Zarate. Irabazlea, dena dela, senideak agurtu ostean sartu zen helmugan, oinez.
Emakumezko beteranoak 2 mailan, Koaxi Triatloi TaldekoArantza Burgoa Agirregomezkorta ondarrutarra izan zen irabazlea; eta mutrikuarrik onena, berriz, Ander Portu izan zen; haren alaba igo zen podiumera garaikurra jasotzera.
Animo artean
17:00etan hasi zen proba Mutrikuko portuko tanborraren parean. Ordurako jendez beteta zeuden Moila Kalea eta inguruak. Igerian, portu barrutik zehar egin zuten, eta arlanpatik atera ziren bigarren zatiari ekiteko. Bizikletak hartuta, Debaranzko bideari ekin zioten triatletek, Sasiola eta Kalbaixo igaro ostean, berriz ere Mutrikura jaitsiz. Azken zatia korrika egin zuten; portuan prestatutako 2 kilometro eta erdi inguruko zirkuitari bi buelta eman zizkioten, ikusleen txalo eta animo artean. Kantina parean amaitu zen proba.
Amaieran, nekeak eta poza. Besarkadak eta irribarreak. Proba gogorra izan zela esan zuen batek baino gehiagok; batez ere igeriketa zatian, baina amaitu izanagatik pozik azaldu ziren, eta datorren urtean errepikatzeko gogoz.
Talaixa Triatloi taldeak eskerrak eman nahi izan zizkien zapatuko triatloian boluntario lanetan aritu ziren guztiei.