Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Behargintza eta Lanbide Ekimenak Zentroaren eskutik 2016ko abenduan
Ezkutuko Altxorrak Azaleratuz proiektua martxan jarri zuten Busturialdeko 20 udalerrik. Horrez gain, Urdaibaiko Patronatuak, Urremendik eta Bermeo, Mundaka zein Gernikako Turismo bulegoak ere parte hartu dute.

Proiektuaren aurkezpena Madariaga Dorretxean egin zuten
Proiektuaren aurkezpena Madariaga dorretxean egin zen atzo, maiatzaren 29an, eta bertan egon ziren 20 udalerrietako ordezkariak; Behargintzako, Lanbide Ekimeneko, Lanbideko eta Turismo bulegoetako teknikariak, turismo sektoreko ordezkariak eta proiektua martxan jartzeko kontrataturiko bost adituak, besteak beste.
Proiektua Busturialdeko Enplegu Planen barruan kokatzen da, eta LANBIDE Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntza izan du. Horri esker, langabezia egoeran egon diren eta goi mailako ikasketak dituzten bost pertsona enplegatu ahal izan dira sei hilabetean zehar aurkezten den proiektu hau egin ahal izateko.
Proiektuaren helburu nagusiak Busturialdeko baliabide turistikoen diagnosia burutzea eta turismoa deslokalizatzea, hots, turistak gehien bisitatzen dituzten guneetatik beste gune batzuetara bideratzea izan dira. Halaber, eskualdean turismo iraunkorragoa lortu asmoz, puntu turistiko nagusien dibertsifikazioa eta foko berrien bilaketa burutu dute turisten ikuspuntutik. Turistek eskualdeari buruzko bilaketak nola egiten dituzten oinarri hartu dute.
Turisten interes puntuetan oinarrituta, turismo plangintza ezberdina eskaini zaie. Horretarako, erabiltzaileen bilaketen azterketa burutu dute eta eskualdeko baliabide turistikoak sailkatu dituzte bilaketa maiztasunaren arabera: zeintzuk diren gehien bilatutakoak eta zeintzuk gutxien. Baliabide bilatuenen kasuan, baliabide horiek sare sozialetan duten posizionamendua aztertu dute horiei eman beharreko tratamendua finkatzeko. Adituen esanetan, turisten nahiak zeintzuk diren eta zer bisitatu nahi duten ezagututa, eta turismoaren deslokalizazioa aurrera eramateko helburu zehatzarekin, baliabide turistikoaren multzoak eratu eta horiek euren arteko gertutasun eta izaeraren arabera eskualdeko zonalde ezberdinetan kokatu dira.
Diagnosi fasean gaur egungo egoera zein den ezagutu nahi izan dute, eta helburu horrekin Busturialdeko baliabide turistikoen inbentarioa eta azterketa egin dituzte. Alde batetik, baliabidearen egoeraren balorazioa burutu dute adierazle jakin batzuetan oinarrituta, hala nola, balio historikoa, balio naturala, balio kulturala edota hirigintza, azpiegitura eta zerbitzuen egokitzapenak. Bestetik, izaeraren arabera sailkatutako baliabideen testuingurua garatu dute. Aurrekoekin batera hobekuntza planak ere eratu dituzte, eta horien bidez baliabideekiko proposamen eta esku hartze egokiak adierazi nahi izan dituzte.
Lehen fase hau estuarioan zentratu da eta berau balorean jartzea bilatu nahi izan dute, Urdaibai marka estuarioak definitzen baitu. Horretarako, paisaiaren akzio plana eratu dute eta estuarioan ematen den turismo aktiboa iraunkortasunarekin elkarlotu nahi izan dute.