Aldundiak gaikako bilketa sustatuko du aurten hondartzetan
Plastikoak birziklatzeko hamabost edukiontzi osagarri jarriko dituzte Bizkaiko hondartza ezberdinetan. 292 pertsonak zainduko dituzte egunero hondartzakBizkaiko Foru Aldundiak hondartzetako gaikako bilketa sustatuko du aurten. Horrela jakitera eman zue...
Plastikoak birziklatzeko hamabost edukiontzi osagarri jarriko dituzte Bizkaiko hondartza ezberdinetan. 292 pertsonak zainduko dituzte egunero hondartzak
Bizkaiko Foru Aldundiak hondartzetako gaikako bilketa sustatuko du aurten. Horrela jakitera eman zuen Elena Unzueta Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak, atzo goizean Lekeitioko Isuntza hondartzan aldundiak egin zuen 2017ko hondartzen denboraldiaren aurkezpenean. Unai Gangoiti Ingurumeneko zuzendari nagusiak eta Lekeitio, Ispaster eta Mendexako alkate eta zinegotziek ere hartu zuten parte ekitaldian.Hondartzetako erabiltzaileek hobetoen baloratzen duten bigarren arloa garbitasuna dela azaldu zuen Unzuetak, eta alor horretan aurrerapausoa eman nahi dutela azpimarratu zuen. «Bizkaiko hondartzak garbi egotea nahi dugu». Horretarako, Gero Arte kanpainaren barruan, gaikako bilketa sustatuko dute, eta hamabost edukiontzi osagarri jarriko dituzte hareatza ezberdinetan.
Horrez gain, Lekeition ikusgai egon zen karpa bat hondartzaz hondartza ibiliko dela azaldu zuen Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak. «Karpa ibiltaria izango da, eta birziklapenari lotutako tailerrak gauzatuko dira bertan».
%50 garbitasunera
Birziklapena eta hondartzak, hondartzak eta garbitasuna lotu nahi dituztela adierazi zuen Unzuetak. «Garbitasuna da aldundian gehien zaintzen dugun alderdietako bat. Urtero hondartzen programara bideratzen dugun aurrekontuaren %50 hondartzen garbitasun lanetara bideratzen da, guztira 2,2 milioi euro. Lan horiek urte osoan gauzatzen dira, gaur [atzo] hasten den denboraldirako hondartzak prest edukitzeko».
Izan ere, foru erakundeak urte honetan hondartzen programei zuzendutako aurrekontua 5,6 milioi eurokoa da.
Aldi berean, hondartzak garbi mantentzeko pauso berria emateko, herritarren lankidetza beharrezkoa dela nabarmendu zuen. «Guk bermatzen dugu segurtasunaren aldeko apustua egiten jarraituko dugula, garbitasunaren aldeko aurrerapausoa ematen dugula, eta herritarrek euren partea jartzea nahi dugu, denon artean daukagun hondartzetaz gozatzeko».
Elena Unzuetak zehaztu zuenez, 292 pertsonak zainduko dituzte hondartzak, bi egun barru, ekainaren 1ean hasi eta irailaren 30era luzatuko den denboraldian. Salbamendu eta sorospeneko beharginak 173 izango dira, garbitasuneko beharginak 89 eta hondartzainak 30. Behargin horietako batzuk eta hastear dagoen denboraldian hondartzetan erabiliko dituzten ekipamenduak ikusgai egon ziren atzo, Lekeition.
88 sorosle
Egunero 88 sorosle ariko dira zerbitzuan, 24 sorospen-postutan banatuta: zazpi La Arenan, bi Areetan, bost Ereagan, lau Arrigunagan, hiru Gorrondatxen, bost Barinatxen, zazpi Arrietara-Atxabiribilen, bi Muriolan, lau Plentzian, sei Gorlizen, bi Armintzan, zazpi Bakion, bi Aritzatxun, bi Laidatxun, hiru San Antonion, bi Toñan, sei Laidan, lau Lagan, bi Ean, bi Ogellan, hiru Isuntzan, bost Karraspion eta bi Arrigorrin; erreserbako sorosle bat ere egongo da.
Zerbitzu horretako langileek erreskaterako erabiliko duten materiala hondartza bakoitzaren ezaugarrien araberakoa izango da, baina nabarmendu behar da lau salbamendu-ontzi edukiko dituztela, zortzi errespetu-ontzi Bilboko, Getxoko, Bermeoko eta Ondarroako biltegietan; uretako lau motor eta errespetuko beste bost aurretik aipatutako biltegietan; erreskaterako hiru quad eta bederatzi buggy (bi elektrikoak), lur orotako hiru ibilgailu, flota ekologiko bat zazpi autogaz (elektrikoak, hibridoak eta gasezkoak) zonetako koordinatzaileentzat, hamalau zaintza-dorre, 40 desfibriladore erdiautomatiko, 30 glukometro, 40 pultsioximetro, 30 immobilizazio-ohatila eta bihotz-biriketako bizkortze prozedurarako 30 neurgailu.
Gainera, Salbamendu eta Sorospen Zerbitzuak wave board bat izango du; ontzi horretan, uretako motor bati plataforma bat gehitu ahal zaio, eta horregaz bost metrora iristen denez, bere gaitasuna handitzen du.
Hondartzainen zerbitzuan 30 pertsona egongo dira lanean hondartzan bertan; ordutegi jarraitua izango dute 10:00etatik 20:00etara, eta elkarlan estuan arituko dira Salbamendu eta Sorospen Zerbitzuagaz, hareatzak dauden udalerrietako Udaltzaingoagaz eta Ertzaintzagaz.
Bestalde, irisgarritasuna bermatzeko ekipamenduak ere jarriko dituzte, Hondartza Denontzat zerbitzuaren bidez. Denboraldian 11:00etatik 19:00etara egongo da zerbitzua zabalik, egunero, La Arenan, Ereagan, Plentzian, Gorlizen (Astondo), Laidatxun eta Lekeition.