Ikasitakoa erakusten
Herri ikastetxeko umeek Agenda 21 programaren barruan ikasitakoa azaldu zieten atzo udal aretoan bildutako guraso eta herritarrei. Horregaz batera, hainbat proposamen helarazi zizkioten alkateari.Elikadurari buruzko udal foroa egin zuten atzo, Munitiba...
Herri ikastetxeko umeek Agenda 21 programaren barruan ikasitakoa azaldu zieten atzo udal aretoan bildutako guraso eta herritarrei. Horregaz batera, hainbat proposamen helarazi zizkioten alkateari.
Elikadurari buruzko udal foroa egin zuten atzo, Munitibarko udal aretoan.Herri ikastetxeko ikasleek Agenda 21 programaren baitan ikasturtean landutakoa azaldu zieten bertaratutako guraso zein gainontzeko herritarrei.Horiekin batera, Arkaitz Goikoetxea alkateak eta Xiana Ibaibarriaga zinegotziak arretaz entzun zituzten ikasleen azalpenak, eta Joseba Martinez Eusko Jaurlaritzaren Ingurugela Ingurumen Hezkuntzarako Zerbitzuko eskualdeko koordinatzailea ere egon zen aurkezpenean.
Umeek bertso bategaz hasi zuten agerraldia. Barikuetan konposta botatzera joaten direla aipatu zuten bertsotan. Horren ostean, eskolako ortuan zer landatzen duten azaldu zuten. Izan ere, beste hainbat ikastetxetan egiten den modura, elikadura osasuntsua lantzen dute, barazki eta frutak jateak dituzten onurak barneratuz.
2016a Lekaleen Nazioarteko Urtea izan zela eta, lekale mota desberdinak aztertu zituzten. Era berean, ikasturtean hainbat errezeta egin dituzte: jogurtak, turroiak, txokolatea… Eta gatzagaz egindako esperimentuen eta marrazkien berri eman zuten.
Sukarrietako BBK Zentroan eta Baratzen egindako egonaldiei buruz ere aritu ziren. Horietan ikasitakoa eta burututako ekintzak kontatu zizkieten udal aretoan bildutakoei.
Beste alde batetik, papera, plastikoak, botilak eta organikoak zelan birziklatzen dituzten azaldu zuten.
Proposamenak
Azalpenekin batera, ikasleek zenbait eskaera egin zizkioten udalerriko alkateari. Paper eta plastikozko kontenedoreak eskola ondoan ipintzea, Zuhaitz Eguna herri mailan antolatzea, kulturen arteko gastronomia jardunaldiak antolatzea eta elikadurari buruzko hitzaldiak, truke azokak zein janari bilketak bultzatzea proposatu zioten.
Goikoetxeak haien lanagatik eta aurkezpenean emandako azalpen «interesgarriengatik» zoriondu zituen, eta eskerrak eman zizkien. Proposamenak ahal den neurrian betetzeko konpromisoa hartu zuen.