Herriko ostalaritzan euskara sustatzeko, kanpaina berria jarri du martxan Gernika-Lumoko Udalak
Herriko sektore ezberdinetan euskara bultzatzeko ekimen ugari egin izan ditu Gernika-Lumoko Udalak, Hitzargune egitasmoa oinarri hartuta; batez ere, merkataritzan. Orain, baina, ostalaritza sektorean indartu gura du euskara. Hori dela eta, Buzti eztarria euskaraz kanpaina jarri zuen martxan joan den barikuan.
Gernika-Lumoko Udalak azaldu duenez, herriko tabernak eta jatetxeak erakarri nahi ditu aurton, horietan, euskararen erabilera areagotzekotan. Hala, bezeroekiko dituzten hartu emanetan euskara indartu nahi du, “euren negoziorako ona delako”. Hori horrela, ostalariek beraien tabernetako menuak zein kartak euskaraz izatea lortu nahi du udalak, besteak beste.
Bide horretan, Buzti eztarria euskaraz leloa duten edontzi azpikoak banatzen hasi zen barikuan Gernika-Lumoko Udalaren Euskara Zerbitzua.
Hala, sustatpen kanpaina berezi berri horren bitartez, helburu bi lortu nahi dituela jakitera eman du udalak; “batetik, ostalaritzan euskararen erabilera handitu nahi dugu, eta, bestetik, herrian Hitzargune programa ezagutarazi”.
Kanpaina horregaz, gainera, “bide onetik” doazela azaldu dute; hori dela eta, Hitzargunera 20 ostalari inguru gehitu direlako. Jakinarazi dutenez, ia 60 taberna dira kanpainagaz bat egin duten herriko tabernak.