Aldundiak eskualderako dituen proiektuez aritu da Unai Rementeria Gernikan
Bizkaiko beste hainbat herritan landutako topaketa zikloari amaiera emateko, Gernika-Lumon izan da Unai rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, herritarren ideiak eta proposamenak jasotzekotan, eta aldundiak Busturialderako dituen proiektuez hitz egiteko.
Batetik, Busturialdeko komunikazioak hobetzeko aldundia egiten ari den lanei buruz aritu da Rementeria; alegia, Autzaganeko tunelei buruz. Bestetik, Gaztelugatxeko San Juaneko proiektu «integralari» buruzko azalpenak eman ditu. Hala, San Juanekoa «etorkizunerako plangintza iraunkorra, serioa eta etorkizunekoa» izan behar dela nabarmendu du.
Bestalde, gaur egun aztertze-fasean egon arren, datozen urteetan gauzatzekoak diren proiektuez ere hitz egin du; hala nola, Muxikako industrialdeaz, Guggenheim Urdaibai museoaren handitzeaz eta Sollubeko tunelez.
Muxikako inustrialdearen alde egin du Rementeriak, esanez, «Busturialdeak jarduera ekonomikoetarako lurra behar» duela. Hori horrela, proiektu hori nola gauzatu behar den aztertzeko unea dela orain, eta gerora, industrialdea faseka egin beharko litzatekela aipatu du.
Guggenheim Urdaibai museoari buruz, gogoeta instituzionala eta politikoa egitea «beharrezko» ikusten du, hartara, jakiteko ea proiektua egokia den ala ez.
Sollubeko tuneletan ere lanean ari dela jakinarazi du, eta nahiz eta agintaldi hobetan «ezingo den gauzatu», epe ertainean «errealitate bihurtuta» egon behar duela uste du.
Azkenik, Bermeoko portuaren garrantzia azpimarratu du. Rementeriaren ustez, erakundeek aztertu egin beharko lituzke halako portu batek eskaini ditzakeen aukera danak. Hala, beste instituzio batzuekin batera, gogoeta horretan parte hartzeko borondatea erakutsi du, eta portua bultzatzeko prest agertu da.