Hezeguneetako hegaztien bigarren urtekaria argitaratu dute
Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz, Urdaibai Bird Centerrek Gautegiz Arteagako hezeguneetako hegaztien 2013-2014 urtekaria argitaratu du, 2010-2011 urteetan egindakoari jarraipena emanez. Horregaz, urte horietan Oruetako hezeguneak bildu dituen hega...
Hain zuzen ere, 2013 eta 2014 urteetan 90 hegazti zenbaketa sistematiko burutu dituzte Gautegiz Arteagan. Eta behar horien ondorioz, 150 hegazti espezie behatu dituzte ikerketa sasoian.
Urtekaria egin ahal izateko, Bird Centerreko talde teknikoak egindako eguneko jarraipen eta behaketak hartu dituzte kontuan. Hala, horiei esker, hezegunera gerturatzen diren hegazti espezieen bilakaera ezagutzeko aukera du interesatuak.
Herritarren jakin-mina asetzeko ez ezik, urtekari hori Urdaibain ornitologiaren eremuan garatzen diren ikerketentzako lagungarri ere izango da. Halaber, Gautegiz Arteagako hezeguneetan agertzen diren espezien fenologiari buruzko gidaliburu gisa ere erabili ahalko dute, hartara, hegazti espezie bakoitza ikusteko zein sasoi den egokiena ezagutuz.
Oraintsu argitaratu duten bigarren urtekari hori zein aurrekoa eskuratu nahi duenak zentroaren webgunean dauka horiek deskargatzeko aukera, www.birdcenter.org helbidean, hain zuzen.