Bikoteen lehenengo kros mistoa jokatuko da, domekan
Markina-Xemeingo Atletismo Taldeak eta Kirol Batzordeak antolatuta, I. Kros Mistoa Txapelketa egingo dute aurten, lehenengoz, Markina-Xemeinen. Kirola sustatu eta emakumeak kirola egitera animatzea ditu helburu proba berriak.Zelaitik abiatuko dira biko...
Zelaitik abiatuko dira bikoteak 12:00etan, eta 5 kilometro pasatxoko ibilbidea egin beharko dute. San Agustin kaletik Xemeinera joango dira, handik Barroetara abiatzeko. Gero, Beko Benta kaletik bide gorrirantz hartuko dute, eta kiroldegi aurretik Aldaola kalerantz joko dute Ituarte aurreko olibondoraino. Handik Arretxinagara abiatuko dira, eta zuhaitz arteko bide gorritik igarota, Lea-Artibai Ikastetxearen erreka ondoko bidea hartuko dute Uhagon pareraino. Zelaiari buelta emanda, Bera Kruz ikastolaren parean egongo den helmugan sartuko dira bikoteak.
Antolatzaileek azaldu dutenez, bikoteak batera irten eta sartu behar dira helmugan.
Lehen hirurentzako sariak
Jadanik zabalik dago izena emateko aukera www.herrikrosa.eus webgunean. Hala ere, proba hasi baino 30 minutu lehenago ere izena eman ahalko dute bikoteek. Lasterketan parte hartzeko 5 euro ordaindu behar dira bikoteko, dortsala jasotzean ordaindu beharko direnak.
Lasterketaren amaieran sariak banatuko dituzte, eta lehen hiru bikote sailkatuek oparia jasoko dute herriko produktuekin.