Hainbat lagun batu dira gaur Mañu auzoan Solluben hildako gudariak eta faxismoaren aurka bizitza eman zuten gudari eta milizianoak omentzeko. Izan ere, Bermeoko memoria historikoa berreskuratzeko lana egiten hasi den Sollube 1937 elkarteak ekitaldia antolatu du gaur.
Mendi martxan Mañura
Taraskatik abiatuta, mendi martxan iritsi dira hainbat lagun Mañura. Bidean, gainera, batailak izan ziren tokietan geldialdiak egin dituzte.
Txalapartarekin hasi dute Mañuko ekitaldia. Ondoren, Sollube 1937 elkarteko kide Andoni Santiagok eskerrak eman dizkie bertaratutako guztiei. Memoriatik gauza asko lor daitezkeela esan du, hartara, seme-alabei edota lobei historia kontatutako guztien lana eskertu du, “bai gudari moduan bizitakoa zein ume moduan bizitakoa kontatzeagatik”. Era berean, Robert Cappa bezalako argizkalarien lana ere goraipatu du, “euren irudiak gaur egunera ekarri dituztelako”. Elkarteko kideek, gainera, Esteban San Pedroren lana nabarmendu dute, “berari esker bermeotar askorengana iritsi direlako istorio ugari”.
Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek ere parte hartu du ekitaldian. Alkateak ere, memoria berreskuratzeak duen garrantzia aipatu du, “oso garrantzitsua” dela gaineratuta. Sollubeko Batailaren nondik norakoak aipatu ditu eta garai hartako Bermeoren egoera ere ekarri du gogora: “Gudarien kuartelak egon ziren, biztanleen zati handi bat Gipuzkoako errefuxiatuak ziren, umeen hustualdiak Frantzira Bermeotik egiten ziren. Gudariak euren herriaren askatasunaren alde frankisten aurrean borroka egiteko prestatu behar ziren, nahiz eta baliabiderik ez eduki. Frankismoak eta gerra zibilak herritarren bizitzak aldatu zituzten modu bortitzean”. Gaurko ekitaldian, Bidegurenek, gudarien familiak ere izan ditu gogoan; bereziki, emakumeen papera nabarmendu du.
Zulaika, Duo eta Uriarte
Ahaztuakeko ordezkari Txema Uriartek ere hitza hartu du gaurkoan. “Guda galdu bazuten ere, borroka ez zen gelditu. Antolatzen joan ziren, eta ikusten dugunez, borroka ez da gelditu, eta orain, beste borroka batean ari gara, memoria kontatuz”, esan du. “Ez dezagun gure memoria ahaztu” esanez amaitu du berbaldia Uriartek.
Frankismoaren Krimenen Aurkako Elkarteko Juan Mari Zulaikak, bestalde, eskerrak eman dizkio Bermeoko Udalari, “herriko biktimen alde bere kereila aurkezteko asmoa agertu dutelako”. Gerra galdu bazuten ere, gauzak oraindik ez direla amaitu esan du Zulaikak, “irabazteko asko daukagulako, batez ere, memoria eta gure hildakoen duintasuna”.
Azkenik, Askapenako kide Manex Duok Sollubeko Batailan euskaldunez gain, Asturias zein Kantabriatik etorritako internazionalistak ere egon zirela gogorarazi du. Horregatik, internazionalista horiek omentzeko eguna ere badela esan du.
Alkartasuna Dantza Taldeko dantzariak
Gaurko ekitaldian, bestalde, bertsoak bota dituzte eta Alkartasuna Dantza Taldekoen dantza emanaldi txikia ere egon da. Amaitzeko, bertaratutakoek, mokadutxoa jateko aukera eduki dute, bai eta familia argazkia egiteko ere.
Argazki galeria
hemen ikusgai