Europako legebiltzarrean izango dira San Fidel ikastolako ikasleak
Denok desberdinak gara baina denok berdinak: nolanahi ere, denok europar hiritarrak egitasmoaren baitan, Gernika-Lumoko San Fidel Ikastolako sei ikaslek europar hiritartasunari buruzko proiektua aurkeztuko diote eurodiputatu talde bati Europako legebiltzarrean.
Maiatzaren 17an bi urtean landutako egitasmoa azalduko dute hamabost urteko gazte horiek Euroganbaran, eta hurrengo egunean gauza bera egingo dute Europako Kontseiluan.
Rhin Beherea Departamenduko Batzordeak antolatuta, Horretarako, Gernika-Lumoko sei ikaslek eta eurekin doazen hiru irakaslek sei egun igaroko dituzte Marlhenheim herrian, Frantzia iparraldean, Estrasburgoko Eurolegebiltzarretik gertu.
Hala, aipatu egitasmoari esker, bertaratzen diren ikasleek “Europa eraikitzeko prozesuaren nondik norakoak ezagutu eta lantzeko aukera” izan dutela azaldu du San Fidel Ikastolako egitasmoarem koordinatzaile Maria Eugenia Ugaldek. Hain zuzen, nazio bakoitzaren araberako estereotipoak, hezkuntza sistemak, nerabeen kezkak, bullying eta xenofobia, eta ekintzailetza izan dira orain artean jorratu dituzten gaiak, eta horietako batzuk izango dira datorren astean eurodiputatuen aurrean azalduko dituztenak: hain justu, ¡bullying, boluntariotza eta eskola perfektua.
Estrasburgora abiatuko diren sei ikasleak DBH3ko ikasleek dira. Ugaldek aurreratu duenez, hurrengo irailean amaituko dute egitasmo horren lanketa, baina egun hori iritsi aurretik, eurodiputatuen eta Europako Kontseiluko ordezkarien aurrean aurkeztuko dituzte lanaren ondorio nagusiak. Halaber, Europako legebiltzarkideen aurreko azalpenaz gain, proiektuaren beste harimuturrak lantzeko eta esperientziak trukatzeko baliatuko dute Marleheimgo egonaldia.
Bi urte Europa Plus deritzan egitarauan
Erasmus Plus proiektuaren barruan, Europako beste lau ikastetxetako ikasleekin batera partekatutako proiektua da; hain zuzen, College Gregoire de Tours (Frantzia), Halabacksskelen (Suedia), Gimnazjun Wloclawek (Polonia) eta Europaschule Gymnasium Teterow (Alemania) dira gainontzeko ikastetxeak.
Erasmus egitarauaz harago helburu eta lanketa “erabat hezitzailea, multikulturala eta europarzalea” ditu egitasmoak. Horrez gain, Brexita, yihadisten terrorismoa, errefuxiatuen egoera edota euofobia dela-eta Europako Batasuna kinka larrian dagoen honetan jorratzen ari dira Europaren aldeko mezua duen eskolarteko egitasmoa.