Udalak HAPOren erredakzio eta aholkularitza lanak esleitu ditu
Erredakzio taldea kontratatzerakoan, besteak beste, landutako dokumentazioa herritarrei modu ulergarrian azaltzeko saioak burutzea hartu dute kontuanHiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) erredakzioa eta aholkularitza zerbitzuaren adjudikazioa eg...
Erredakzio taldea kontratatzerakoan, besteak beste, landutako dokumentazioa herritarrei modu ulergarrian azaltzeko saioak burutzea hartu dute kontuan
Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) erredakzioa eta aholkularitza zerbitzuaren adjudikazioa egin du Gautegiz Arteagako Udalak. Hain zuzen, Erdu-Estudio de Renova- cion y Desarrollos Urbanos SL enpresa izango da lan hori egingo duena. Gautegiz Arteagako kontratazio mahaiak hartu du erabakia, eta 157.179 euroan esleitu du, BEZ barne.«Herritarrek gure herriari buruz esan eta erabakitzeko daukaguna entzun, eta hori plan orokorrean gauzatzeko gai den lan talde profesionala bilatu du udalak», azaldu du Juan Felix Naberan alkateak. Izan ere, Naberanek dio hori ezinbestekoa dela etorkizuneko Gautegiz Arteaga diseinatzeko. «Azpiegiturak, etxebizitzak, berdeguneak edota herriko diseinua planifikatzerako orduan, eta bizi kalitatea hobetu asmoz, herritarren beharrizanei lehentasuna ematea da udalaren helburua» esan du alkateak. «Herri moduan nora jo gura dugun plantzeatzeko ordua da. Antolamendurako plan on bat edukitzeko, ezinbestekoa da guztion partaidetza».
Erredakzio eta aholkularitza zerbitzuaren kontratazioa prozedura irekiaren bitartez egin du udalak. Horretarako, kontratazio mahaiak aurkeztutako proposamenak baloratu ditu. HAPOren aditu batzordeak, besteak beste, eskaintzaileek gehitutako hobekuntzak, memoria diagnostikoa, proposamen metodologikoa eta udalarentzat lehentasuna diren herritarren partaidetzarako bideak kontuan hartu ditu.
Herritarren garrantzia
Gautegiz Arteagako Udalak esan duenez, herritarren partaidetza garrantzitsua da prozesu osoan. Horregatik, erredakzio taldea kontratatzerako orduan, landutako dokumentazioa herritarrei modu ulergarrian azaltzeko informazio saioak burutzea ere hartu dute kontuan.