Kofradi Zaharra lehenengo aldiz irekita egongo da, eta atun errea eta marmitakoa dastatu ahalko dira
Egun gutxi falta dira 23. Arrain Azoka hasteko, aurten
maiatzaren 19tik 21era bitartean izango baita. Atzo arratsaldean aurkeztu zituzten Arrantzaleen Museoan aurtengo azokaren nondik norakoak. Urtero legez, ekitaldiz beteta dator. Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek azaldu zuenez, aurtengo
helburu garrantzitsuetako bat ozeanoak zaintzea guztion ardura dela zabaltzea izango da, “guztion erantzukizuna baita”, esan du.
Arrantzaleen Museoan aurkeztu dute Arrain Azoka
Mezu hori zabaltzen laguntzeko, EHUko Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalaren Ikerketa Zentroak (Plentziako Itsas Estazioa PIE), AZTIk eta Ternua eta Opeguik martxan dituzten hainbat proiektu aurkeztuko dituzte LOG gunean, tradizioa eta berrikuntzak uztartzen dituen Lehena-Oraina-Geroa gunean, hain zuzen ere. Izan ere,
aurten, bigarrenez, LOG gunea hartuko du Arrain Azokak. Gune berean, Etxebastarrek antolatuta, Jurgi Arejita sushimanak sashimi kalitatezko atuna aurkeztuko du. Gainera, Mondragon Unibertsitateko kideak egongo dira bertaratzen diren guztiei Arrain Azokak eskaintzen dituen aukera guztien berri ematen.
Urtero, berritasunak bilatzen saiatzen direla azaldu zuten atzoko aurkezpenean, eta, aurten ere egongo dira. Lehenengo aldiz,
Bermeoko Kofradia Zaharrak ateak irekiko ditu. Bertan, atun errea eta marmitakoa jateko aukera edukiko dute bertaratutako guztiek. Ekimen horrek, gainera, helburu solidarioa dauka, eta lortzen den dirua osasun arazoak dituzten umeen familiei laguntzeko bideratuko da. Jakinarazi dutenez, 100 boluntario inguru ariko dira lanean.
Berritasunekin jarraituta, aurten,
nautika eskolako nabegazio simulagailura bisitak antolatu dituzte; barikuan eta zapatuan bisitatu ahalko da, 12:00etan.
Aita Guria baleontziak, bestalde, Arantza Goienetxearen
Sabor, Zabor! erakusketa hartuko du, baleontziaren ordutegian. Asteburuan, gainera, doan bisitatu ahalko dira baleontzia eta Arrantzaleen Museoa.
Ortube ontziak ere presentzia izango du aurtengo Arrain Azokan; Nestor Basterretxean jarriko dute ontzian egiten ari diren lanari buruzko erakusketa. Toki berean, Juan Antonio Apraizek Dakarreko kanpainen argazki bilduma erakutsi eta hitzaldia eskainiko du maiatzaren 19an, barikuan, 19:00etan.
Ume eta gazteak arrainagaz platerak prestatzen, iazko Arrain Azokan
Umeentzako txokoa. Urtero legez, umeek ere lekua izango dute Arrain Azokan. Gune didaktikoan, itsas ondarea eta tradizioak erakutsiko dizkiete, bai eta horiek zaintzen ere. Horrez gain, ozeanoak zaintzeak duen garrantzia nabarmenduko da. Horretarako, hiru egunetan, hainbat ekimen izango dituzte aukeran: sukaldaritza tailerrak, erakusketak, proiekzioak, jolasak, eskulanak, ipuin antzerkia…. Barikuan, maiatzaren 19an, 17:00etan, umeei portu barruan belaontzian nabigatzeko aukera eskainiko die Galerna elkarteak. Irteera Izotz fabrika aurretik izango da.
Mater itsasontzia ere Bermeon egongo da beste behin ere, eta
arrain salmenta simulazioak ez dira faltako, data hauetan bakarrik ikus daitezkeenak.
Bestalde, ekimen bat nabarmendu gura izan dute. Izan ere, aurten,
Leintz Gatzagako Gatz museoak, arraina eta ardoaren ibilbidea jarraituz,
Bermeorainoko ibilbidea antolatu du. Leintz Gatzagan egiten den gatza Bermeko kontserba lantegietara ekartzea dute helburu.
Lameran kokatuko duten karpa txiki batean, bestalde, era ezberdinetako jatekoa aurkitu ahalko dute bertaratutakoek.
19 salmahai. Arrain Azokak 19 salmahai izango ditu aurton. Horietan, enpresek eta erakunde ezberdinek horien produktuak eskainiko dituzte herritarrek eta bisitariek dastatzeko eta erosi ahal izateko. Horrez gain, arrantza mundua erakutsiko dute.
barikuan eta zapatuan, 11:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 21:00etara izango da zabalik, eta,
domekan, berriz, 11:00etatik 15:00etara.
Bermeoko Erraldoien Konpartsa, Bermeoko Abesbatza eta Alkartasuna Dantza Taldea, Arrain Azokan egindako ikuskizunean
Arrain Azokak, gainera, jai giro ezin hobea sortzen du urtero Bermeon. Herriko kultur taldeen inplikazioari esker, asko izaten dira hiru egun horietan antolatutako ekimen kulturalak, eta aurten ere ez dira faltako: fanfarreak, dantzak, danborradak, txistulariak, trikitilariak, erraldoiak, gaiteroak…herria girotzen lagunduko dute.
Azaldu dutenez, Eusko Trenek tren zerbitzu bereziak eskainiko ditu arrain azokaren egunetan, eta Bermeon Matxikorta, Landabasoko industrialderako bidean, eta udal azokako aparkalekuan aparkatzeko aukera egongo dela zehaztu dute.
Arrain Azokak Bermeorentzat duen garrantzia nabarmendu gura izan du Bermeoko alkateak, Euskal Herrian mota honetako lehenengo azoka dela gogorarazita: “1994. urtean hasi ginen azoka antolatzen kontserberak eta udala elkarlanean, eta erreferente izateko lanean ari gara urtero. Gure apustu garrantzitsu bat da”.
Arrain Azokak, hortaz, bertoko produktuak, enpresak eta herria ezagutzeko aukera ematen duela aipatu du Bidegurenek, eta, aldi berean, jai giroaz disfrutatzeko “aukera paregabea” eskaintzen duela dio. Beraz, jendea guztia animatu du Arrain Azokan parte hartzera.
Datorren baikuan, maiatzaren 19an, HITZAk Arrain Azokari buruzko gehigarria argitaratuko du informazio guztiarekin.