Zapatuan Santanape Kiroldegian lehiatu zuen denboraldiko etxeko azken partida, eta Abadiñoko Gaztetxien kontra garaipena lortuta, eta Urdulizek Peña Kalimotxoren kontra galdu zuelako (6-8) mailaz igotzea ziurtatu zuen.
Olatu horiagaz bat eginez, Gernika FSko jokalariek maiatzaren 21eko maratoi solidarioari babesa erakutsi zioten. Argazkia: Gernika FS
Taldeko jokalariek azaldu dutenez, “kirol arloko” helburua, denboraldia bigarren amaitzea, bete dute. “Berez, horrekin Euskal Ligara igotzeko eskubidea dugu. Urdulizek galdu edo berdindu egin behar zuen guk bigarren postua ziurtatzeko, eta galdu zuenez bigarren amaituko dugu denboraldia”.
4-0 nagusitu zen talde gernikarra, Iñakiren, Anderren eta Antxonen golei esker. Jokalarien berbetan, espero baino “errazago” lortu zuten irabaztea: “Ikusteko agian ez zen partida polita izan, baina oso pozik gaude. Haiek mailaz ez jaisteko garaipena behar zuten, baina ez zuten lehiakor jokatu. 2-0 aurreratu ginen nahiko arin, eta haiek atzean sartuta jarraitu zuten. Ez genuen partida arriskuan zegoenik sumatu”.
Domekan Bilbon jokatuko dute Lehentasunezko mailako denboraldiko
azken partida. Unta Ibarreko taldea izango da talde gernikarraren denboraldiko azken aurkaria, eta 16:00etan hasiko da San Inazioko kiroldegian bi taldeen arteko neurketa.
Denboraldia eta maila agurtzeko
irabazteko asmoa dauka taldeak, baina “lehiarako presiorik” ez dutenez, garrantzitsuena “ondo jokatuta ondo pasatzea” dela nabarmendu dute jokalariek.
Azken jardunaldi horren faltan, Gernika FSk 58 puntu ditu gaur gaurkoz, eta 54 puntu ditu Urdulizko Antsonekoa taldeak.