Arri eta Botx bertsolariek jasoko dute zapatuan Zilarrezko Antxoa
Aurten udalak antolatu du Antxoa Eguna. 7.000 pintxo inguru prestatuko dituzte tabernek eta elkarteek. Azken urteetan egin ez den pintxo lehiaketa ere egingo daHamazazpigarren Antxoa Eguna ospatuko dute zapatuan, Ondarroan. Egun osoko egitaraua prestat...
Aurten udalak antolatu du Antxoa Eguna. 7.000 pintxo inguru prestatuko dituzte tabernek eta elkarteek. Azken urteetan egin ez den pintxo lehiaketa ere egingo da
Hamazazpigarren Antxoa Eguna ospatuko dute zapatuan, Ondarroan. Egun osoko egitaraua prestatu du Ondarroako Udalak, eta ekintzak Alde Zaharrean, Alamedan eta Itsasaurre plazan egingo dira, «denei zer edo zer eskaintzeko asmoagaz».Aurtengo Zilarrezko Antxoa Jon Arrizabalaga Arri eta Jesus Mari Aranbarri Botx bertsolariek jasoko dute. Leire Beitia zinegotziak azaldu zuenez, «beraien ibilbide luzean Ondarroan bertsolaritzari eta kulturari egindako ekarpenarengatik» jasoko dute saria. Udalak bi bertsolariek herriari eskainitako lana nabarmendu nahi izan du.
Arri eta Botx bertsolariek herriko ekintza gehienetan parte hartzen dute, eta jai asko girotzeaz gain, ezagunak dira herrian urteetan egin duten lanarengatik.
Baina asteburua ailegatu aurretik ere, badaude ekintzak. Gaur, 19:00etan, Gure arrantzaren etorkizuna lantzen hitzaldia emango du Ondarroa 12 Milia taldeko partaide Leo Belaustegik, Kofradia Zaharrean. Bihar, Kubako emakumeek euren herrialdeari eta musikari egindako ekarpenei buruzko hitzaldia egongo da Etxelilan, 18:00etan, eta ondoren, Jado bikoteak kontzertua eskainiko du leku berean.
Azken urteetan egin legez, Zubi Zaharretik eta Kantoipe errebueltaraino herriko kultur eta kirol taldeek jarriko dituzten postuak egongo dira, eta bertan elkarte gastronomikoek hainbat eratan prestatutako antxoa pintxoak jarriko dituzte salgai euro batean, 12:00etatik aurrera. Prezio hori Antxoa Eguna antolatzen aritu diren talde eta eragileek eta udalak egin dituzten batzarretan adostu dute.
Hiru turrun jota hasiko da festa Ondarroan. Herriko tabernek ere antxoa pintxoak salduko dituzte euro batean, Kalare Deuna Arrantzaleen Kofradiak 600 kilo antxoa bideratuko baititu tabernek eta elkarte gastronomikoek lehengaia doan izan dezaten. Guztira, 7.000 antxoa pintxo inguru prestatuko dituzte.
Pintxo lehiaketa
Azken urteetan galduta egon den antxoa pintxo lehiaketa ere egongo da aurten. Tabernari bakoitzak bere tabernako sukaldean prestatutako pintxoa aurkeztuko du 12:30ean, Alamedan. Irabazlearentzako sariak egongo dira. 13:00etan musikak hartuko ditu herriko kaleak. Batetik, Udal Musika Eskolako umeen abesbatzak kantatuko du Zubi Zaharrean, eta bestetik, Joxe Replay taldea, trikitilari eta panderojoleak eta Agosti eta Barrena elektrotxaranga ariko dira kalerik kale.
Arratsaldean, kirolaren txanda izango da. 16:00etan, Trainerillen Bizkaiko Txapelketarako sailkapen estropadak jokatuko dira badian, hurrengo egunean leku berean 12:00etan jokatuko den Trainerillen Bizkaiko Txapelketa irabazteko estropada nork jokatu beharko duen zehazteko.
Iluntzean, berriz ere musikaz beteko dira Alde Zaharra eta Itsasaurre. 19:30etik aurrera, Agosti eta Barrena eta Joxe Replay taldeek joko dute, eta haien ondoren Ezten Giro erromeri taldearen txanda izango da Itsasaurren. 20:00etan hasiko dute lehen emanaldia, eta 22:30ean, bigarrena. Erromeriagaz amaituko da Antxoa Eguna.
Gababusa
Ondarroako Udalak herrian aparkatzeko dagoen arazoa ikusita eta espero den jende kopurua kontuan hartuta, garraio publikoa erabiltzeko deia egin die kanpotik etorriko direnei. Autoz datozenak, Zaldupeko anexoko aparkalekura eta institutura bideratuko dituztela gaineratu du. Eskualdeko herrietara itzultzeko Gababus zerbitzua ere martxan egongo dela jakinarazi du, «gaua luzatzen dutenek autorik hartu behar izan ez dezaten».
Zunbeltz Bedialauneta alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie antolakuntzan lagundu duten herriko kultur eta kirol taldeei, kontserberoei eta Kalare Deuna Arrantzaleen Kofradiari.
Aurreko urteetan beste erakunde edo talde batzuk aritu izan dira antolakuntzan, baina aurten antolakuntza lanak egiteko asmorik ez zeukatela eta, udalak hartu du ardura hori, «Antxoa Eguna galtzen ez uzteko». Ondarroako Udalak 8.000 euroko aurrekontua izan du antolatzeko.
Antxoa Eguneko kartela Andoni Garcia ondarrutarrak diseinatutakoa da, eta Antxoa hondar-ahoan dauka izena.