Sollubeko Batailaren 80. urteurrena izango dute gogoan asteon
Bermeoko memoria historikoa berreskuratzeko lana egiten hasi den Sollube 1937 elkarteak, Sollubeko Batailaren 80. urteurrena izango du gogoan asteon; hitzaldi bat eta ekitaldia antolatu dituzte. Busturialdeko Ongi Etorri Errefuxiatuak eta frankismoaren aurkako euskal plataformekin batera, Gu ere izan ginelako errefuxiatuak gerra zibilan hitzaldia eskainiko dute bihar [maiatzak 10]. 19:00tan izango da hitzaldia, Goiko Plazako Kabidxe gune sozialean. Sollubeko gudan 1.000 hildako egon zirela gogorarazi dute elkarteko kideek. 1937. urteko maiatzaren 6tik 14ra bitartean gertatu zen, Gernika-Lumo bonbardatu ostean, Bilborako bidean zihoazela. Hala, domekan, Solluben hildako gudariak eta faxismoaren aurka bizitza eman zuten gudari eta milizianoak omentzeko ekitaldia egingo dute Mañun. Mendi martxa, 09:00etan. Ekitaldia 13:00etan hasiko da. Azaldu dutenez, txalapartariek eta dantzariek parte hartuko dute, eta Askapena, Sare Antifaxista eta Ahaztuakeko ordezkariek hartuko dute hitza, bai eta Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek ere. Mañura joateko, Sollube 1937 elkarteak mendi martxa antolatu du. 09:00etan jarri dute hitzordua, Taraskan. Batailak izan ziren tokietatik joango direla azaldu dute antolatzaileek. Mendi martxan joan ezin duten horientzat, berriz, autobus zerbitzua jarri dute. 12:30ean aterako da autobusa Erretenetik. Mañutik jaisteko ere autobus zerbitzua egongo da. Beste alde batetik, Sollubeko gudan indar armatu faxistek hildakoen omenez, Solluben eraikitako monumentu oroigarria kendu egin dute. Bizkaiko Foru Aldundiaren lurretan zegoen monolitoa, eta Bermeoko Udalak kentzeko baimena eskatu zion apirilaren hasieran aldundiari.