Aurrekontu parte hartzaileei buruzko batzarra egingo dute eguenean Bermeon
Udal gobernuak eta Guzanek elkarlanean garatu duten parte hartze prozesuaren baitako batzarra da eguenekoa [maiatzak 11]. 17:00etan izango da, Gizarte eta Kultura Etxeko Gaztelekuan.
Batzarrean, udalak parte hartze prozesuari buruzko azalpenak emango dizkie herritarrei. Horrez gain, dinamika batzuk martxan jarriko dituzte herritarrek proposamen komunak lantzeko eta aurkezteko. Izan ere, aurrekontuetako 200.000 euro zertan inbertitu erabakitzeko udalak ireki duen parte hartze prozesuaren baitan, herritarrek euren proposamenak aurkezteko aukera dute maiatzaren 14ra arte.
Bermeon erroldatuta dauden 16 urtetik gorako edozein herritarrek aurkeztu ahalko ditu proposamenak, eta hiru bide daude horiek aurkezteko: Berhaz bulegoan, erabaki.bermeo.eus webgunean edota egueneko batzarrean parte hartuta.
Proposamenenak, ezinbestean, inbertsioak egiteko izan beharko direla jakinarazi dute (azpiegiturak, obrak, berreraikitzeak, konponketak, proiektuen idazketa…); bermeotarren interes orokorrari erantzun beharrekoak izan beharko direla gaineratuta.
Bermeoko aurrekontu parte hartzaileei buruzko informazio guztia erabaki.bermeo.eus webgunean eskuratu ahalko dela jakinarazi dute udaletik.
Udal arduradunek herritar guztiak gonbidatu dituzte aipatu parte hartze prozesuan parte hartzera, bai eta egueneko batzarrean parte hartzera.