Euskadi Fundazioko txirrindularia bakarrik helmugaratu zen
zapatuan, helmugara heltzeko 500 bat metro falta zirela ihesaldia burututa. Urnietarrak bi ordu, 59 minutu eta sei segundotan amaitu zuen 118 kilometroko 23 urtez azpiko elite mailako lasterketa. “Indartsu ikusi naiz, eta konfiantza neukan. Aurreko bi urteetan ere lehiatu dut lasterketa, eta banekien luze egin zitekeela”.
Harengandik
lau segundora heldu ziren Polartec Fundacion Contad taldeko Isaac Canton, eta Caja Rural-Seguros RGA taldeko Iker Azkarate.
Alonsorentzat denboraldiko hirugarren garaipena izan da. Aurretik, 27. Markina-Xemeingo Sabin Foruria Memorialean eta Goierriko Itzulian nagusitu zen. Hirugarren denboraldia du kategoria honetan, eta “apurka-apurka” gorputza eta burua kategoriara egokitzen joan zaizkiola adierazi du: “Lehenengo bi denboraldiak batik bat ikasi eta taldearentzat lan egiteko izan ziren. Egindako lanaren fruituak badatoz; lehiarako aukera dudanean aprobetxatzen saiatzen naiz, eta taldekideren batentzat lan egitea tokatzen zaidanean gogo eta ilusio beragaz egiten dut”.
Alonso helmugaratzen.
Argazkia: Euskadi Fundazioa.
XXV. San Isidro Sari Nagusia
Euskaldun Torneorako laugarren proba puntuagarria izan da.
Taldekako sailkapenari dagokionez, Euskadi Fundazioa izan zen onena, eta Polartec Fundacion Contad eta Caja Rural-Seguros RGA bigarren eta hirugarren sailkatu ziren, hurrenez hurren.
Bestalde, Eiser-Hirumet taldeko Adrian Sainz nagusitu zen
mendiko sailkapenean (sei puntugaz); Lizarte taldeko Carlos Ruiz izan zen aipatu sailkapeneko bigarrena, eta Caja Rural-Seguros RGA taldeko Azkarate hirugarrena.
63 txirrindularik amaitu zuten Ea, Gautegiz-Arteaga, Ibarrangelu, Ispaster eta Ereño udalerrien arteko lasterketa.