Zurrumurruak entzun dira azken egunotan, eta, azkenean, Izaskun Garcia muxikarraren fitxaketa konfirmatu du Gasteizeko taldeak. Hala, Lointek Gernikako jokalariak Maloste utzi eta Mendizorrotzarako bidea egingo du.
Bere etxeari agur esateko ordua heldu dela adierazi du, “pertsonalki zein profesionaleki” hazten ikusi duen lekua agurtzea tokatzen zaiola: “Zoriontsu izan naiz hemen, gehien maite dudan jendeaz inguratuta. Harro sentitzen naiz hemen bizi izandakoaz, irabazitako txapelketak, faseak, igoerak, zaletuen beroa…”.
Erabakia hartzea ez dela erraza izan azaldu du, eta klubaren zati bat beti berarekin eramango duela. Klub gernikarrarentzat esker oneko berbak baino ez dituela dio, eta zuzendaritza taldeari, talde teknikoari, taldekideei, harrobiari zein zaleei haien babesa eskertu die: “Ez da izan erabaki erraza, baina uste dut jauzi hau emateko unea iritsi dela, erronka berriak onartu, eta jokalari bezala hazten jarraitzea, egunen batean bueltatu eta klubari nire laguntza ematen jarraitzeko. Hemen sentitu dudan beroa ezin dut hitzez deskribatu”.
25 urte eta saskibaloian ibilbide luzea du Garciak (Muxika, 1992). Gernika KESB klubean hazi den jokalaria, taldea gorengo mailara eraman duenetako bat izan da. Aurten hirugarren geratu dira sailkapen orokorrean (aurreko bietan seigarren), eta, lehenengoz, Kopa jokatu dute. Gainera, Ligako titulua lortzeko kanporaketak lehiatu dituzte. Lau bizkaitar daude taldean, baina Izaskun Garcia izan da, orain arte, umetatik klubean zegoen bakarra.
Araskik bere webgunean konfirmatu du Garcia fitxatu duela. Arabako klubaren esanetan, pozik daude. “Aukera izan dugu eta horretarako momentua izan da. Esperientzia handiko jokalaria da, partiduetan denborak kontrolatzen badaki, eta taldearekin bat egingo duela uste dugu”, nabarmendu du Araskik.