Prest gaude sare sozialetarako?
Arau-hauste penalak gutxitzen doazen bitartean, ziberdelituek gorantz egin dute azkenengo urteetan. Nerabeak eta gazteak dira arrisku gehien jasaten dutenak.Joan den urtarrilean, Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu zuen Durangon adingabeen eduki sexuale...
Arau-hauste penalak gutxitzen doazen bitartean, ziberdelituek gorantz egin dute azkenengo urteetan. Nerabeak eta gazteak dira arrisku gehien jasaten dutenak.
Joan den urtarrilean, Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu zuen Durangon adingabeen eduki sexualeko argazkiak lortzen sai- atzearen akusaziopean. Telefono mugikorretarako txat-aplikazio bat erabiltzen zuen horretarako.Askok kasu isolatu bat dela pentsatu dezakete, baina Internet eta sare sozialen zabalkundeagaz batera era horretako eraso eta arriskuak asko gehitu dira azken urteetan. Sare sozialak gehien darabiltenak, gainera, nerabeak eta gazteak dira, hala ere, inor ere ez dago gaitz berri hoietatik salbu. Adituen esanetan, prebentzioan omen dago arrisku horiek saihesteko gakoa, eta azken aldian horretan tematzen ari dira aditu, hezitzaile eta segurtasun arduradunak.
Teknologia berriak ziber-jazartzeko eta adingabeei iruzur egiteko tresna gisa erabiltzen dira gehien. Hori dela eta, Ertzaintzaren delitu informatikoen atalak hitzaldiak ematen ditu Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba osoko ikastetxeetan. Aurtengo ikasturtean, esate baterako, 100 ikastetxetik gora bisitatu dituzte Ertzaintzako espezialistek gazteekin sareko ahultasunari buruz mintzatzeko, hala nola, grooming-a, ziberbullying-a eta iruzurrak eskola-umeei azaltzeko. Zazpi hitzaldi eman dituzte, esate baterako, Markina-Xemein, Ondarroa eta Etxebarriko ikastetxeetan.
Adingabeak Interneten gaztigatzea eta sare sozialetan eta telefonoan topa litzaketen arriskuez ohartaraztea dute helburu hitzaldiek. Horretarako, Interneten zer-nolako delituen biktimak izan litezkeen, horiek nola saihestu eta halako delituren bat pairatuz gero, zer egin behar duten azaltzen diete.
Grooming-a
Adingabeak limurtzea, behartzea eta haiei jazartzea, pedofiloen artean grooming izenaz ezagutzen dutena omen da adingabe batek sare sozialetan aurki dezakeen arriskurik handiena. Oinarrizko badaezpadako neurri batzuk hartuta, ordea, aise ekidin daitekela diote adituek.
Adingabe gehienak ia egunero konektatzen dira Internetera, oso maiz aisiako jarduera egiteko, hala nola, txatean solasteko, jolasteko eta deskargatzeko moduko fitxategiak bilatzeko. Sare sozialak horrela erabiltzeak pedofiloei bidea ematen dietela ohartarazten dute adituek, beren biktimengana hurreratzeko eta grooming izeneko teknika ezartzeko. Hau da, sarean adingabeen adiskide egiteko estrategiak erabili, haien konfiantza irabaztearren, eta aurrerantzean haien datu pertsonalak eskuratu eta irudi pornografikoak bidal ditzatela eskatzen diete gero. Harreman horretatik aurrera, losintxa eta limurtzeko teknikak erabilita, beren irudi sexualak trukatzera bultzatzen dituzte gazteak.
Sare sozialen bidez burutzen den beste erasoetako bat ziber-jazarpena da. Luzaroan atxikitzen den eta denboran errepikatzen den eraso psikologikoa da ziber-jazarpena, pertsona batek nahiz talde batek beste batzuen kontra teknologia berrien bidez egina. Gaur egun, eskolako gazteen arteko umiliazio-modu bat da, sarearen bidez egindako erasoen biktima izaten dira. Ohiko modu bat da webgune jakin batzuetara goitizen batez sartzea eta han biktimaren kontrako irainak, laidoak, mehatxuak, zurrumurru gaiztoak, argazki trukatuak eta halakoak zabaltzea, dela eskola bereko norbaiten kontra, dela beste eskola bateko norbaiten kontra.
Ziber-jazarpena gauzatzeko telefono mugikorra eta internet erabiltzen dira. Gaur egun, sare sozialek (Youtube, esaterako) ere ematen dute aukera lehen telefono batetik bestera, mezu bidez nahiz bluetooth bidez, baino ezin hedatu zitezkeen gauzak gehiago zabaltzeko. Hiri handi zein herri txiki, Lea-Artibai eta Busturialdean ere eman dira horrelako kasuak, eta askotan adin txikikoak dira erasotzaileak eta biktimak.
Iruzurrak
Normalean, pirateria esaten denean, esan nahi da pertsona batek beste baten datu pertsonalez (erabiltzaile izenaz eta pasahitzaz) baliatuta haren kontuan sartu eta haren izenean bidegabe erabiltzen duela. Horrelako ekintzak ziber-jazartzeko baliatu daitezke, biktimaren informazio pertsonala, mezuak, irudiak-eta kopiatuta, hari publikoki jazartzeko eta gutxiesteko.
Adingabeek ere paira ditzakete iruzurrak mugikorraren bidez. Ohikoena da joko bat edo politono bat deskargatzen saiatzean gertatzea. Behera karga egin ahal izateko beren telefono-zenbakia sartzeko eskatzen diete, eta eurek berretsi beharreko SMS bat jasotzen dute. Horregaz batera, hainbat baldintza onartzen dituzte, eta horien artean ezkutatuta, Premium mezuak jasotzeko harpidetza bat. Ondorioa, inoiz 600 eurokoak ere izan daitezkeen telefono fakturak.
Arau-hauste penalak % 2,95 murriztu ziren 2016an. Ordea, gehitu diren delitu urrien artean daude iruzurrak. % 7,59 igo ziren, batez ere Internet bidez egindakoak.
Zehazki, ziberdelituak epigrafearen barruan, 2016an Ertzaintzak 6.745 delitu erregistratu zituen, 2015ean, aldiz, 5.970 izan ziren; beraz, ia % 10 gehiago. Lurraldeen arabera, Bizkaian 3.544 ziberdelitu erregistratu ziren (3.192 izan ziren 2015ean), Gipuzkoan 2.125 ziberdelitu (1.889 izan ziren aurreko urtean) eta Araban 1.079 ziberdelitu (889 izan ziren 2015ean).
Delitu informatiko horien tipologia aztertzeko garaian %87 iruzurrak direla nabarmentzen da; horien barruan kokatzen dira kreditu-txartel bidezko iruzurrak, banku-kontuetan egindako iruzurrezko karguak eta sareko erosketetan gertatutakoak.
Gaur egun egiten diren hiru iruzurretik bi bitarteko telematikoak erabilita egiten dira Ertzaintzaren estatistiken arabera. Iruzur motak aldatzen eta garatzen badoaz ere, guztiek ere ezaugarri berdin bat dute: biktimak gehiegizko konfiantzaz jokatzea edota ekipamendu informatikoak behar bezala ez babestea. Horrenbestez, pasahitzak ez jakinaraztea eta ezezagunei urrutiko kontrola ez ematea dira hartu beharreko neurriak.