Udako aparkaleku zerbitzuko txartelak eskatzen hasi daiteke
Aurtengo udan, herritarrentzako prestatutako aparkaleku zerbitzua martxan jarriko du Lekeitioko Udalak. Ekainaren 28tik irailaren 10era bitartean, egun horiek ere barne, bereziki herritarrek erabiltzeko aparkaleku guneak zehaztuko ditu udalak. Astelehe...
Lehentasun hori izateko, baina, baldintza batzuk bete beharko dituzte lekeitiarrek, eta aparkatzea baimentzen duen txartel bat eskatu behar dute herriko Turismo Bulegoan. Eskaera epea zabalik egongo da ekainaren 28ra arte, martitzenetik barikura, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 18:00etara. Txartelaren prezioa 3 eurokoa izango dela jakitera eman du udalak.
Lekeitioko bizilagunek, herrian enpresa bat dutenek edo bertan beharra egiten dutenek izango dute txartela eskatzeko aukera.
Hiru gune
Hiru izango dira Lekeitioko Udalak aparkaleku zerbitzu berezia eskaintzeko egokituko dituen guneak: Paskual Abaroa etorbidea 26-bisetik Talaraino eta San Juan Talako; Eusebio Maria de Azkue (San Bizente Ferreretik San Andres auzora) eta Basoaldea; eta Zumatzeta, Buenaventura Zapirain, Otxoa de Urkiza eta Agirre Solarte 1etik 7ra.
Egitasmo berriaren helburua udaldian udalerritik kanpora beharra egiten duten herritarrei aparkaleku aukera zabalago bat eskaintzea dela azaldu dute udal ordezkariek. Esan dutenez, udatiar askok herrira heldutakoan autoa aparkatu eta ez dute gehiago mugitzen, eta alde horretatik txandakatze gehiago egotea lortu nahi dute.