Santa Kurutz ermitako jaiak ospatuko dituzte zapatuan, Abesuan
Maiatzaren bigarren zapatuan, beste urte batez, Zelaiaren ertzean dagoen Elizatxiki edo Santa Kurutz ermitako ateak zabalik egongo dira. Santa Kurutz Eguna atzo izan bazen ere, zapatuan ospatzen dituzte urtero jaiak, Abesuan dagoen XVI. mendeko ermitan...
12:30eko elizkizunagaz hasiko dute ospakizuna, eta ondoren, 13:00ak aldera, dantza ikuskizuna eskainiko du Markina-Xemeingo Zerutxu taldeak.
Eguraldia lagun izanez gero, Zelaia eta ermitaren artean gelditzen den zabalgunean dantzan egingo dute Zerutxu dantza taldekoek. Euria egingo balu, berriz, Zabalaneko etxeen aurreko plazan egingo lukete.
Beti bezala, dantza ikuskizunaren ostean, mokadutxoak eskainiko dituztela jakitera eman dute Santa Kurutzeko jai batzordeko kideek. Jan-edana, gainera, Rakel Pujanaren trikitixa soinuagaz lagunduta egongo da.
Karta txapelketak
Arratsaldean, karta jokoa izango da nagusi. 17:00etan hasita, mus eta briska txapelketak jokatuko dira Naroki kafetegian eta Ilunpe tabernan.
Parte hartzea irekia izango da, eta bikoteko 20 euro ordaindu beharko dira. Lehen lau bikoterentzako sariak egongo dira.