Mundakako Udalak inbertsioetara zuzenduko du aurrekontuaren %20
Inbertsioen atalean, ume, gazte zein nagusien bizi kalitatea hobetzeko hobekuntzak egin gura dituzte; horien arten, Olazabal etxean gazteentzako lokal bat atonduko dute3.358.692 euroko aurrekontua dauka Mundakak 2017an, iaz baino 70.791 euro gehiago. A...
Inbertsioen atalean, ume, gazte zein nagusien bizi kalitatea hobetzeko hobekuntzak egin gura dituzte; horien arten, Olazabal etxean gazteentzako lokal bat atonduko dute
3.358.692 euroko aurrekontua dauka Mundakak 2017an, iaz baino 70.791 euro gehiago. Apirilaren 26an egin zuten udal osoko bilkuran onartu zuten aurrekontua, eta horren %20 inbertsioetarako bideratuko duela eman du jakitera.Inbertsioak eginez, «herria hobetzea» du helburu udalak. Mundakako alkate Aitor Egurrolak esan duenez, mundakarren bizi kalitatea hobetzeko eta herriak aurrera egiteko egingo dituzte inbertsioak. «Mundaka erreferente turistikoa izaten jarraitzea gura dugu, baina urte guztian bertan bizi garenontzako zerbitzuak eta azpiegiturak ere bermatu nahi ditugu», gaineratu du alkateak.
Inbertsioen atal horretan, ume, gazte zein nagusien bizi kalitaterako hobekuntzak egin gura ditu Mundakak; horien artean, Olazabal etxean gazteentzako lokal bat atontzea. Gaztelekua egiteko, denetara, 85.000 euroko inbertsio egingo du (20.000 euro 2016an eta 65.100 euro 2017an).
Igogailua ere jarriko dute, eta inbertsio osoa egiteko, udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza eduki du, 25.029,74 eurokoa, hain zuzen.
Irisgarritasun plana dela eta, 125.690 euro bideratuko dituzte udaletxean igogailua jartzeko, eta horretarako ere diru laguntza hartu du Mundakak. Hain zuzen, 77.518,98 euro eman dizkio Eusko Jaurlaritzak. Jakinarazi dutenez, azaroan amaitu gura dute obra hori.
Nagusien Etxea atondu
Inbertsioen atalean, beste hainbat ere jaso ditu 2017rako udal aurrekontuak. Besteak beste, arrantzaleen kofradiaren ondoko udal lokaletan Nagusien Etxea atontzeko 100.000 euro bideratuko ditu; Tribisarrospe parkea handitzeko eta estaldura hobetzeko, 50.000 euro gorde dituzte aurrekontuetan; Mallona gimnasioaren estaldura hobetzeko, berriz, 100.000 euro bideratuko dituzte; herriko eskoletan gasaren instalazioa egiteko 67.000 euro izango ditu Mundakak, eta Isla Kale kiroldegiaren instalazioak hobeto aprobetxatzeko gortina bereizlea jartzeko 15.000 euro aurreikusi dituzte.
Hiri Antolamendurako Plan Orokorra garatzeko ere diru partida bat gorde du aurten Mundakak, 122.000 eurokoa, hain zuzen.
Bestalde, turismoaren promoziorako ere inbertsioak egingo dituela jakinarazi du udalak.