Gernika horiz jantziko da minbizia duten haurrak laguntzeko
Gernika atletismo taldeak bultzatuta, minbizia duten umeak laguntzeko ‘Gu be zuek gara’ elkartasun maratoia egingo dute Gernika-Lumon, maiatzaren 21ean
Gernika Atletismo Taldearen ekimenez, Gu be zuek gara elkartasun ekimena egingo dute maiatzaren 21ean, Gernika-Lumon. Maratoi solidario horrek olatu horia bultzatu nahi du, eta milaka lagunen parte hartzea espero dute.
Gernika Atletismo Taldeak eta Ospitaleko lagunartea guraso elkarteak egin dute aurkezpena. Orain arte ekimenak izan duen erantzuna izugarria izan dela esan du Atletismo taldeko ordezkari Borja del Riok. Minbizia duten haurrak laguntzeko kamiseta horiak atera dituzte, eta, dagoeneko bost mila saldu dituztela zehaztu du Del Riok.
Elkartasun maratoiaren helburu nagusia Biocruces osasun ikerketa institutuaren garapena laguntzea izango da; haur minbiziari aurre egiteko ikerketa proiektuak bultzatzea du xede institutu horrek. Guztira, 30.000 euro bildu behar dituzte.
Hitzaldi-solasaldia. Herritarren inplikazioa eskatu du Del Riok, maiatzaren 21ean herria horiz janzteko. Gernika-Lumoko hainbat elkarte eta enpresek ere bat egin dute ekimenarekin, eta hilaren 21erako egun osoko egitaraua prestatu dute. 10:15ean hasi, eta 18:00ak bitartean, Pasealekua izango da haur onkologikoei elkartasuna adierazteko gunea.
Aurretik, baina, hitzaldi solasaldia antolatu dute hurrengo astelehenerako, maiatzaren 8rako. Haurren minbiziaz; horren ikerketaz; eta hezur muina, zilbor hestea, organoak edota ehunak emateak duen garrantziaz ariko dira, 18:30ean hasita.
18 urtetik gorakoentzako hitzaldia izango dela zehaztu du Ospitaleko lagunartea elkarteko kide Susana Del Amok. Bertan, Del Amok berak, haur minbiziaren humanizazioa izango du hizpide, La Cuadri del Hospi taldeko kide bezala. Minbizia duten edo gaixotasuna pairatu duten haur eta nerabeen ahotsa eta esperientzia gizarteratzeko lana egiten du taldeak, eta horren berri emango du Del Amok.
Gurutzetako Unibertsitate ospitaleko Pediatria eta Onkologiako zerbitzu burua den Itziar Astigarragak ere parte hartuko du berbaldian, gaixotasunaren ikerketak duen garrantzia azaltzeko. Patricia Rodriguez Bizkaiko Lurraldeko Ehungintza Koordinatzaileak, eta Monica Delicado Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko transplanteen intraospitaleko koordinatzaileak, bestalde, hezur muina, zilbor hestea edota organoak emateak duen garrantzia azpimarratuko dute.
Hitzaldi-solasaldian, gainera, Urko Olazabalek eta Kenneth Oribek Gurutzetako ospitalean grabatu duten dokumentala proiektatuko dute.
Horiz janzteko eguna. Egun indartsuena, baina, maiatzaren 21a izango da. Antolatzaileen helburua da Gernika-Lumo elkartasun uholdearekin bustitzea. Hala, egun horretarako, dei berezia egin diete herritarrei herriko kaleak eta etxaurreak horiz apaintzeko.
10:15ean emango diote hasiera egunari. Aurreskuaren ostean, zinta moztuko dute haur onkologikoek. Nagusien lasterketa 10:30ean hasiko da. Horiek bost kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Umeena 500 metrokoa izango da, eta 11:15ean hasiko da.
Lasterketetan parte hartzeko, minbizia ikertzeko proiektua laguntzeko atera dituzten kamiseta horiak jantzi behar dituzte korrikalariek. Kamiseta horiek Gernika-Lumoko Kipu, Errekamendi eta Alkar kirol dendetan; Bermeoko Luman; Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean eta Lekeitioko Dra dendan daude salgai, 5 euroan; eta irabaziak, oso-osorik, ikerketarako institutua laguntzera bideratuko dituzte.
Lasterketen ostean, arratsaldera arte, hainbat jarduera egongo dira Pasealekuan: tailerrak, jolasak, kontzertuak.Marrazki eta esaldien tailerra ere egingo dute, eta Gernika-Lumoko eskoletako umeek parte hartuko dute. Animoak emateko esaldi eta marrazkiak izango direla azaldu dute antolatzaileek, eta, gero, ospitalean dauden umeei helaraziko dizkiete.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.