Bermeoko Udalak
erabilitako pilak batzeko zerbitzua zabaldu du. Eraikin publikoetan eta herriko eskola zentroetan
kartoizko edukiontziak jarri dituztela azaldu dute. “Helburua zerbitzu hobeagoa eskaintzea da”, esan du ingurumen zinegotzi Irune Ormaetxeak.
Pilak batzeko jarri dituzten kartoizko edukiontziak
Orain dela 20 urte hasi zen udala erabilitako pilak batzeko zerbitzua ematen. Horretarako, herriguneko leku estrategikoetan pilak batzeko edukiontzi horiak jarri zituzten, hormetan eskegita; 17 jarri zituzten, hain zuzen. Sistema horren bitartez,
urtero, batez beste, 1.600 kilo pila batzen dituzte Bermeon. Udalerrian dauden edukioentziez gain, Ecopilas Fundazioak herriko supermerkatu eta denda batzuetan pilak batzeko edukiontziak dauzka.
Bermeoko Udalak, hala ere, pila bilketa sistema hobetu gura duela dio Ormaetxeak, eta horretarako jarri dituzte kartoizko edukiontzi horiek, Ecopilas Fundazioagaz koordinatuta. Honako lekuetan jarri dituzte: Gizarte eta Kultura Etxean, Liburutegian, Berhaz bulegoan, Udal Musika Eskolan, Lanbide Hastapenean, San Frantzisko Herri Eskolan, I.Arozena-B.Barrueta Institutuan eta Udal Zaharren Egoitzan.
Aipatu kutxak betetzen direnean, udaleko zerbitzu sailari eman beharko diote abisua, horiek pilak batu eta udal biltegira eramateko. Bertan, kaleko edukiontzioetan bildutako pilekin batzen dira, eta, ostean, birziklatze enpresa batera bidaltzen dituzte.
Ekimen horren bidez, udalerrian batutako
pilen kopurua igotzea espero dute, eta horrekin hondakinen birziklatze tasa.