Eleizalde Ikastolak jasoko du aurtengo Arrain Azokako Hegaluze Saria
Bermeoko Udalak jakitera eman duenez, “Bermeoko itsas eta arrantza ondarea balioan jartzeagatik eta horren transmisioan belaunaldien artean bermatzeagatik” erabaki du epaimahaiak Hegaluze Saria Eleizalde Ikastolari ematea. Izan ere, Hegaluze Sariaren bitartez, Bermeoren izena zabaldu edota goratu duena eta herriaren alde lan egin duena saritzen dute urtero, Arrain Azokaren atarian.
50 urte bete ditu aurten Bermeoko ikastolak, eta urte horietan guztietan, herriaren alde “lan garrantzitsua” egin duela gogorarazi du Hegaluze Sariko epaimahaiak. Halaber, herriaren alde eta herrian bertan ere “lan eta ekarpen garrantzitsuak” egin dituela uste du epaimahaiak; esaterako, Arrain Azokan bertan. Bermeoko Udalak azaldu duenez, Arrain Azoka Elkarteko kidea izan da 23 urtez –alegia, elkartea sortu zenez geroztik–, eta hainbat urtetan, erakusmahaia ere jarri izan du, hartara, “itsasoa eta arrantzaren mundua era parte hartzaile batean erakutsiz”.
Gainera, Eleizalde Ikastolak Arrain Azokan arrantzari lotutako hainbat erakusketa eta tailer antolatu izan dituela ere gogora ekarri du udalak; hala nola, itsas korapiloak egiteko tailerra, arrainaren ezaugarriak ezagutzeko eta arrainak garbitzen ikasteko tailerrak eta beste hainbat.
Duela 15 urtez geroztik, bestalde, Arrain Azokaren baitan egiten den pintxo lehiaketa antolatzeaz ere arduratzen da herriko ikastola.
Hala, Hegaluze Sari hori maiatzaren 19an jasoko du Eleizaldek 12:30ean, Nestor Basterretxea aretoan egingo duten ekitaldian. Udalak gogoratu nahi izan du, maiatzaren 19an, 20an eta 21ean ospatuko dutela Arrain Azoka Bermeon, eta, urtero legez, kontserbak dastatzeko eta erosteko aukera izango dela bertan, jai giroaz gozatu bitartean.