Adinekoen erorikoak ekiditeko tailerra eskainiko dute Bermeon
Bermeoko Udalak, Osakidetzako osasun zentroak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak antolatutako tailerra da.
Oraindik bide luzea duzu. Kontuz estropezuekin izeneko tailerrak bi saio izango ditu: Maiatzaren 24an eta 31an batuko dira, 10:30etik 12:00etara, Gizarte eta Kultura Etxean.
Doan parte hartu daiteke, hala ere, interesa duten horiek guztiek ezinbestekoa izango dute aurretiaz izena ematea. Izena emateko azken eguna maiatzaren 12a izango da, eta Osakidetzako osasun zentrora, Gizarte eta Kultura Etxera edota Berhaz bulegora hurbilduta egin daiteke. Lekuak mugatuak direla azaldu dute, eta lagun askok ematen baldin badute izena, zozketa egingo dutela jakinarazi dute.
Tailerra Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuko teknikariek, Bermeo Kirol Patronatuko kirol teknikariek, Osakidetzako Osasun Zentroko profesionalek eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko teknikariek emango dute.
Azaldu dutenez, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan adinekoen artean, erorikoak izaten dira istripu arrazoirik ohikoenak. Ikerketen arabera, “adin talde horretako heren eta erdien arteko pertsonek urtean zehar eroriko bat edo gehiago izaten dituzte. Adinarekin batera, gainera, arriskua gorantz doa: 65 urtetik gorakoen artean, %30 ematen dira erorikoak; 80 urtetik gorakoen artean, berriz, %50 baino gehiago. Emakumeak, gainera, gizonak baino gehiago jausten dira”.
Eroriko gehienak etxe barruan edo inguruan izaten direla diote ikerketek, “batez ere, etxeko lanak egiten ari dirnean edo bizitzako oinarrizko premiak asetzen ari direnean: garbiketa, janaria prestatzen, desplazamendu txikiak…”.
Eroriko baten ostean, eguneroko bizitza izaten da kaltetuena, autonomia galtzea dakarrelako; beraz, bizi kalitatea gutxitzen da. Erorikoek, lesio eta hausturak ekartzeaz gain, minusbaliotasuna eta depentzia ere badakartela diote adituek.
Hori guztia kontuan izanik, tailerrean erorikoak zelan ekidin daitezkeen ikasi ahalko dute, modu erraz eta praktikoan; besteak beste, jarduera fisikoa sustatzen, etxea leku sugurua bihurtzen eta hartzen den medikazioari arreta eskaintzen.