Kategoria desberdinetan,
303 gizonezkok eta 17 emakumezkok lehiatuko dute XI. Bermeoko Campos Triatloia Rafa Memoriala.
16:30ean hasiko da emakumezkoen proba, eta gizonezkoek bost minutu beranduago ekingo diote lehiari.
Hasteko
750 metro egingo dituzte igerian, gero bizikletak hartu, eta Bermeo eta Bakio artean
24 kilometroko ibilbidea burutuko dute eta azkenik,
5 kilometro egingo dituzte arineketan (anoa postuak 0,4 eta 2,8 kilometroetan egongo dira).
Boxeak eta helmuga Lameran izango dira. Dortsalak, berriz, Artza frontoian banatuko dituzte, 12:30etik 15:45era.
Triatloia amaitu ostean, partaideek Areneko kiroldegian izango dute dutxatzeko aukera (aldagelak ere bertan izango dituzte).
Sari banaketa ekitaldia 19:00etan hastea aurreikusi dute. Irabazleek 300 euro, garaikurra eta Campos kontserben produktu sorta jasoko dute. Bigarrenek, 200 euro, garaikurra eta Campos kontserben produktu sorta eramango dute etxera, eta hirugarrenek, 100 euro eta Campos kontserben produktu sorta.
Eskualdeko ordezkariak
Urtero legez, Busturialdeko ordezkariek parte hartuko dute Bermeoko proban, kategoria desberdinetan. Izena eman dutenen artean dago Gernikako Arin Arin Atletismo Taldeko Mikel Goitia, eta ANB Urdaitri Motrivation taldetik, berriz, ondorengo hamazortzi triatletek lehiatuko dute: Liher Agirrek, Joseba Arruzak, Alberto Barriok, Gorka Bizkarrak, Jorge Delgadok, Jon Diegok, Javier Fernandezek, Iker Friasek, Haritz Garatek, Pablo Garciak, Javi Goitiak, Gotzon Gondrak, Mikel Loizagak, Jokin Maguregik, Ander Okaminak, Juan Carlos Posadak, Aitor San Vicentek, Joseba Andoni Sanchezek eta Iñaki Varak.
Okamika iazko irabazleagaz batera, Delteco Eibar Triatloi Taldeko Pello Osoro iazko bigarren sailkatua ere Bermeon izango da. Halaber, iaz emakumezkoen podiuma osatu zuten hiruretatik Estefania Gomez hirugarren sailkatuak ere lehiatuko du proba.