Bermeoko alkateorde eta zerbitzuetako zinegotzi Benito Ibarrolazak azaldu duenez, “portua ahalik eta garbien mantentzeko ezinbestekoa da herritarrek paperontziak eskura izatea”. Kontuan hartzekoa dela diote, gainera, Bermeoko portutik jende asko ibiltzen dela, “toki garrantzitsua baita” herritarrentzat zein bisitarientzat.
Bermeoko portua
Horregatik, Bermeoko portua kudeatzen duen Euskadiko Kirol Portuei eskatu diote paperontziak jartzeko, “funtsezkoa baita portua garbi mantentzeko eta irudi polita eta txukuna eskaintzeko”. Portuan paperontzi gehiago jartzearena, herritarren eskaera bat era badela gogorarazi du Ibarrolazak.
Bestalde, udaletik diotenez, Bermeoko portuan egiten ari diren konponketa lanak hainbat kalte sorrarazi dituzte herriko zenbait kaletan. “Erabilitako garraio astunek joan-etorrietan portuko zoruan ez ezik, herriko kaleetako galtzada harrietan eta espaloietan ere kalteak sorrarazi ditu; zehazki, Arrantzale Kofradi eta Fraile Leku kaleetan eta Lamerako Kai Bidean”, esan du alkateordeak.
Hala, portuko lanak amaitzen dituztenean, kalte horiek konpontzeko eskatu dio udalak Eusko Jaurlaritzako Bizkaiko Portuen Zerbitzuari.
Egindako bi eskaerak onartzea espero du Bermeoko Udalak, “herriarentzat ezinbestekoak direlako, portua txukun mantentzeko, batetik; eta, bestetik, kaleetan segurtasuna bermatzeko eta istripuak saihesteko”.