Kamiñaldeko lanek baldintzatutako aurrekontua onartu dute Ondarroan
Bederatzi milioi eta erdiko aurrekontua egongo da 2017rako. EH Bilduren aldeko botoekin egin du aurrera. 500.000 euro aurreikusi dituzte inbertsioetarakoKamiñaldeko mendiko lanek baldintzatutako aurrekontuak onartu ditu Ondarroako Udalak 2017rako. Bed...
Bederatzi milioi eta erdiko aurrekontua egongo da 2017rako. EH Bilduren aldeko botoekin egin du aurrera. 500.000 euro aurreikusi dituzte inbertsioetarako
Kamiñaldeko mendiko lanek baldintzatutako aurrekontuak onartu ditu Ondarroako Udalak 2017rako. Bederatzi milioi eta erdiko aurrekontua izango da, eta EH Bilduren aldeko botoekin atera da aurrera; EAJ abstenitu egin da.Udaleko diru sarrera kopurua jaisteak alde batetik, eta Kamiñaldeko gaia bideratzeko ongizate, hirigintza eta ogasun sailetan 258.000 euro jarri behar izateak bestetik, asko baldintzatu ditu aurrekontuak.
Inbertsioetarako 500.000 euro bakarrik izatea aurreikusi du udalak, beti ere Txomin Agirreko aparkalekuak saltzeko aukera izango duela kontuan hartuta. Hori horrela izan ezean, baina, diru kopuru hori ere murriztu egingo litzateke, eta askoz diru partida txikiagoa geratuko litzateke inbertsioak egin ahal izateko.
Zerbitzuak bere horretan mantentzeko ahalegina egingo duela esan du udalak, nahiz eta Herri Busaren eta kiroldegiaren kostuak, esate baterako, handitu egingo diren. Beharrezkoa ikusten dute gainkostu horri aurre egitea, herritarren ongizatea eta iriste erraztasuna bermatzeko: «Orain esfortzu bat izango da gainkostu horri aurre egitea, baina badakigu herritarrek zerbitzu horien premia daukatela, eta, beraz, beharrezkoa dela horiek mantentzea», adierazi du Zunbeltz Bedialauneta alkateak.
Diru gutxi izan arren, hortaz, udalak bere asmoekin jarraitzeko asmoa dauka. Kamiñazpiko parkea eraberritu eta hondartzako txiringitoko sukaldea berritu nahi dituzte. Argiterian ere aldaketak egin nahi dira. Kamiñazpiko parkean egin bezala, LED argiztapena jarri nahi dute herriko beste zenbait txokotan, kontsumoa eta energia aurrezteko.
Magdalena eta San Juan Txurru kaleetako iriste erraztasuna ere hobetu beharrekoak dira udalarentzat, eta horretarako espaloiak konpontzea aurreikusi dute. Eneritz Basurko hirigintza zinegotziak nabarmendu du, «egiteko gauza asko egon arren, herriko auzo guztietara iristeko asmoa» daukatela. Martxan dauden egitasmoekin jarraitzea ere garrantzitsua dela iritzita, herriko ziburuetan egiten ari diren konponketekin jarraituko dute.
Udal eraikinetan ere hobekuntzak egiteko asmoa dauka udalak. Etxelilan eta Udaletxe Zaharrean, adibidez, berogailu sistema aldatuko dute. Alkateak egoera konplikatua dela aitortu du, baina aurrekontuei jarraipen zehatza egin eta beste arloetan gastatzen ez dena herritarren onurarako diren inbertsioetarako erabiltzeko konpromisoa hartu du Bedialaunetak.
Udalean dagoen oposizioko alderdi bakarrak, EAJk, udal gobernuak aurrekontuak beranduegi eman dizkiola esan du, «azken orduan». Gaineratu dutenez, udal gobernuak ez du herriko taldeen aurrekontuak ikusi eta batzordeetan horiei buruz eztabaidatzeko duten eskubidea bermatu. Beste alde batetik, jeltzaleek nabarmendu dute bat datozela herritarrentzako gutxiengo zerbitzuak mantentzearen alde egindako apustuagaz, baina orokorrean uste dute udala ez dagoela tresna egokiak jartzen herriko erronkei eta arazoei aurre egiteko.