Larrañaga, Palentzuela eta Juaristi, Ziriako Andonegi sariketaren irabazle
Aurten 51 lan aurkeztu dituzte Mutrikuko mikroipuin lehiaketara. 34 lan izan dira mutrikuarrenak. Ramon Saizarbitoria idazlearekin solasaldi interesgarria izan duteLiburuaren Astea amaitzeko, Ramon Saizarbitoriarekin solasaldia eta Ziriako Andonegi ipu...
Aurten 51 lan aurkeztu dituzte Mutrikuko mikroipuin lehiaketara. 34 lan izan dira mutrikuarrenak. Ramon Saizarbitoria idazlearekin solasaldi interesgarria izan dute
Liburuaren Astea amaitzeko, Ramon Saizarbitoriarekin solasaldia eta Ziriako Andonegi ipuin lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egin zituzten zapatuan, Mutrikuko liburutegian. Aurten, Joakin Larrañaga, Eneko Palentzuela eta Asier Juaristik eskuratu dute saria.Aurtengoa mikroipuin lehiaketa izan da, parte hartzeari bultzada eman asmoz, eta helburua bete da: hamazortzi mutil eta hamazazpi neskak aurkeztu dituzte lanak, guztira, 51. Horietatik 34 izan dira mutrikuarrenak.
Irabazleek diploma bana eta datorren urteko ipuina idazteko koadernoa jaso zituzten opari. Gainera, maiatzeko Kalaputxi herri aldizkarian argitaratuko dituzte lanak.
Larrañagak helduen mailako saria eskuratu zuen; 500 euroko ordainsaria eman zioten. Leti izeneko mikroipuina aurkeztu du lehiaketara mutrikuarrak.
Gazte mailako saria, 18 urtetik beherakoa, hain justu, Palentzuelarentzat izan da, Soinu artean lanarengatik; 150 euroko ordainsaria jaso zuen. «Idazten hasi nintzen, eta konturatu orduko, 100 hitz eginda nituen, eta gogoz geratu nintzen gehiagorako. Hurrengoan gehiago».
Mutrikuar onenaren saria, azkenik, Juaristik irabazi du, Ametsetako itsasoa izenburu duen ipuinarengatik. «51 lan aurkeztu izana pozgarria da». Oroigarriez gain, 250 euro eskuratu ditu Juaristik.
Saizarbitoriarekin solasean
Sari banaketa egin aurretik, Ramon Saizarbitoria idazlearekin solasaldia izan zen. Idazleak esan zuen bere betebehar pertsonalak betetzeko idazten duela, idaztearen plazerragatik, eta hasiberriei edota idazle izan nahi dutenei ere aholku bera eman nahi izan zien: «Zintzotasunez idatzi, arrakastari, modari eta irakurleari begiratu gabe», esan zuen.
Martutene izan zuten hizpide, eta bi ordu pasatxo aritu ziren eleberriaz solasean. Parte hartzaile gehienak Mutrikuko irakurle taldekoak izanik, eleberri horretan ez eze, beste hainbatetan ere sakondu zuten. Amaieran, argi izan zuen idazleak: «Irakurle talde interesgarriena Mutrikun aurkitu dut».