Laia herri mugimenduak antolatuta, faxismoari aurre egin zioten busturiarriak oroitu zituzten atzo Axpen egindako ekitaldi batean. Aipatu ekitaldian faxismoaren biktimen, kartzeleratuen eta erbesteratuen izenak aipatu zituzten, 1937. urtetik hasi eta 2017ra arte. Txiplas bertsolariak, dantzariek eta Iholdi abeslariak parte hartu zuten atzoko ekitaldian, bai eta Laia herri mugimenduak eta Ahaztuak 1937-1977 elkarteak.
Herritar asko hurbildu ziren ekitaldira. Argazkia: Boneti
Gernika-Lumo suntsitu ostean, tropa faxistak Busturirantz abiatu ziren, eta 80 urte bete dira asteon. Atzoko ekitaldian gogorarazi zutenez, “Busturia okupatu zuten bai, baina milizianoek eta gudariek gogor defenditu zuten gure herriaren askatasuna mendietan, batez ere, Solluben”. 15 eguneko “borroka latzean” mila pertsona inguru hil zirela gogorarazi zuten. Beste leku batzuetan bezala, Busturian ere “inposaketa, tortura eta zapalkuntza gogorra” pairatu behar izan zutela nabarmenduta.
“Euskal herritarrok belaunaldietako erregimena jasan behar izan dugu, helburua beti izan da berdina: herri bezala desagerraraztea. Oraindik, inposaketa horren bidez gobernatzen dute estatu espainolak eta frantsesak”, esan zuten atzoko ekitaldian.
Horregatik guztiagatik, atzoko ekitaldiagaz omenaldi “xumea” egin gura izan diote Busturiko herriari, baina, bereziki, “askatasunaren alde borrokatu zuten guztiei; gudariei, milizioanoei eta faxismoari aurre egin zioten beste guztiei”.
“80 urte Faxismoa Busturira heldu zala” erakusketa, Altamirako Kultur Etxean
Joan den astean, eguenean eta barikuan, hain zuzen, hitzaldi ezberdinak antolatu zituzten Altamirako kultur etxean eta hainbat izan ziren horietara bertaratutako herritarrak. Era berean, Altamirako kultur etxean bertan, maiatzaren 8ra arte,
80 urte Faxismoa Busturira heldu zala erakusketa bisita daiteke, 9:00etatik 11:30era eta 16:30etik 20:30era.