Etxeko zaleen aurrean
27-7 irabazi zion Gernika RTk Sanitas Alcobendasi, atzo. 20. jardunaldian atzeratu zuten partida lehiatu zuten Urbietan.
Denboraldiko azkena izateaz gain,
Jon Magunazelaiaren agurreko partida izan zen. Zaleek zutik, txalo artean, eta eskerrak emanez agurtu zuten. 66. minutuan Jon Bilbaogaz aldaketa egiterakoan jarri ziren zutik zaleak.
Talde madrildarra aurkari gogorra da, baina talde gernikarrak nagusitasun osoz jokatu zuen, eta partida amaiera arte Alcobendasek ez zuen punturik lortu.
Basurdeak ideiak argi zituztela zelairatu ziren, eta hainbat aukera izan zituzten hasierako minutuetan.
Partida kontrolpean zutela, etxekoek
20. minutuan estreinatu zuten markagailua. Jokaldi luze bat ondo aprobetxatu zuen Tui Katoak; Pichlerrek ez zuen entsegua transformatu (5-0).
Argazkia. Anuar Gomez.
Basurdeek erasoko jokaldiak egiteko aukera barik utzi zituzten Alcobendaseko jokalariak, eta defentsa lan sendoa egin behar izan zuten etxekoen erasoak geldiarazteko. Hala, etxekoen etengabeko ahaleginak fruituak eman zizkien. Erasoko jokaldi luze batean, Jorge Dominguez baloiaz jabetu, Joaquin Palisari pasatu, eta hark etxekoen
bigarren entsegua lortu zuen. Pichlerrek ezin izan zuen jokaldia borobildu, eta 10-0-ko markagailuagaz jarri ziren.
Lehen zatia amaitu aurretik, beste entsegu bat egin zuen Gernika RTk. 36. minutuan Jon Magunazelaiak lortu zuen marka, baina, Pichlerrek hura ere ez zuen transformatu (15-0).
Atsedenaldiaren ostean, talde madrildarrak itxura hobea erakutsi zuen.
Zelaian erosoago zeuden Alcobendaseko jokalariak, eta arriskua sortzen hasi ziren. Hala ere, basurdeek segituan bereganatu zuten partidaren kontrola.
Jokaldi bikain batean, Nacho Fordhamek beste entsegu bat lortu zuen, eta partida amaitzeko hiru minutu falta zirela Jorge Dominguezek egin zuen entsegua. Pichlerrek transformatu (27-0) zuen. Ondoren, partidako azken jokaldian Alcobendaseko Giorgi Mchedlishvili jokalariak entsegua egin, eta Matias Nefak transformatu zuen.