Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeak Bizkaia Kirolak Saria irabazi du
Oinarrizko kirolean egiten duen lana aitortu dio aldundiak Bizkaia frontoian egindako ekitaldian. Erakunde kategoriako saria eman diote. Horrelako sari bat jasotzen duten lehen aldia da«Kirolari gazteenen artean egiten duen lan garrantzitsuagatik», 2...
Oinarrizko kirolean egiten duen lana aitortu dio aldundiak Bizkaia frontoian egindako ekitaldian. Erakunde kategoriako saria eman diote. Horrelako sari bat jasotzen duten lehen aldia da
«Kirolari gazteenen artean egiten duen lan garrantzitsuagatik», 2017ko Bizkaia Kirolak Saria eman dio Bizkaiko Foru Aldundiak Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeari. Foru erakundeak oinarrizko kiroleko kirolari eta erakundeek egindako lana goraipatu nahi izan du aurten, eta Markina-Xemeingo taldeak, bere udalerria ordezkatuz, Herriarteko Txapelketa ospetsua azken bederatzi urteetan bost aldiz irabaztea lan horren erakusle dela azpimarratu dute.Astelehen arratsaldean jaso zuen saria Markina-Xemeingo taldeak, Bilboko Bizkaia frontoian, ehunka kirol-eragileen aurrean egindako ekitaldian. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuak gidatu zuten ekitaldia, eta 2017ko irabazleen izenak jakitera eman zituzten.
122 hautagaitza aurkeztu dira aurten sarietara, eta, ekitaldian, Bizkaia Kirolak Sariak jasotzeko aukera zuten 24 finalistak egon ziren. Sei erakunde edo pertsonak eraman zituzten sariak azkenean, seina kategoriatan banatuta: banakako kirolean Ariane Otxoa Torres surlariak, bikotekako kirolean Lidia Castañera Mejiasek eta Ainhoa Navas Riok (igeriketa sinkronizatua), talde-kirolean lehen kategoriako Sakoneta gimnastika taldeak; oinarrizko kiroleko epaileen kategorian Eugenio Castrillo Fernandezek (taekwondoa); entrenatzaileen artean Juan Solis Godoyk (taekwondoa); eta, azkenik, Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldea izan zen erakunde saritua.
Ezusteko pozgarria
Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldearentzat foru erakundearen saria «urteetako lanaren aitorpen bat» dela adierazi du Pello Urionabarrenetxea taldeko entrenatzaileak. «Pilota Federakuntzak proposatu zuen taldea hautagai modura, eta orain dela hiru aste jakin genuen 24 finalisten artean geundela», azaldu du.
Horrelako sari bat jasotzen duten lehen aldia izan da. Zortzi lagun joan ziren ekitaldira, guraso eta zuzendaritza batzordeko kideak, eta ezusteko pozgarria izan zen guztientzat.