Zapatuan Bizkaiko Batel Txapelketara aurkeztu zituzten bateletatik bostek lortu zuten
atzoko finaletara sailkatzea: mutilen ume, gazte eta senior taldeek eta nesken zein mutilen kadete taldeek.
Mutilen umeen mailan
04:26.26 denboragaz gailendu zen talde bermeotarra. Haren atzetik Arkote eta Isuntza sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Lehia estua egon zen Bermeoren eta Arkoten artean, izan ere,
segundo bakarreko diferentzia atera zion Bermeok. Lekeitiarrek, berriz, bermeotarrengandik lau segundo eta 59 ehunenera amaitu zuten estropada.
Argazkia: Bermeo Arraun Argazkia.
Bestalde,
senior taldeak brontzezko domina eskuratu zuen. 08:38.49 markagaz Zierbena nagusitu zen, eta Itsasoko Ama sailkatu zen bigarren.
Hain zuzen ere,
35 ehuneneko aldea baino ez zen egon santurtziarren eta bermeotarren artean. Irabazlearengandik hamahiru segundo eta ehun bakarrera sailkatu zen Itsasoko Ama, eta hamahiru segundo eta 36 ehunenera Bermeo.
Mutilen
kadeteen mailako batela laugarren sailkatu zen (06:55.83). Zierbena izan zen kadeteetan azkarrena, 06:48.00 markagaz, eta haren atzetik Itsasoko Amak (06:52.30) eta Kaikuk (06:55.22) osatu zuten podiuma.
Bestalde, umeen gazte mailako eta nesken kadete mailako batelak
azken postuan sailkatu ziren.
09:10.87 denboragaz Kaikuk irabazi zuen umeen gazte mailan; Portugaletek Kaikurengandik segundo bat eta 46 ehunenera amaitu zuen lehia, eta Deustu hirugarrena irabazlearengandik lau segundo eta 42 ehunenera sailkatu zen. Bermeok, berriz,
Kaikurengandik hamabi segundo eta 48 ehunenera amaitu zuen.
Nesken kadete mailari dagokionez ere Kaiku izan zen onena. 04:51.54 denbora markatu zuen, eta Portugalete 29 ehunenera sailkatu zen bigarren postuan. Lutxanak eskuratu zuen brontzea (05:05.30). Bermeoko taldea lehenengoarengandik
28 segundo eta 85 ehunenera sailkatu zen.
Hurrengo txapelketak
Busturialdeko arraunlarien hurrengo erronka Euskadiko txapelketa izango da. Bizkaikoa legez, Euskadiko eta Espainiako Batel Txapelketak ere
Sestaon jokatuko dituzte apirilean.
39. Euskadiko Txapelketa apirilaren 22an eta 23an lehiatuko da, eta maila ezberdinetako 56 batelek parte hartzea aurreikusten dute: txikiak neska eta mutil, promesak neskak, kadete mutil, gazte neska eta mutil eta absoluto neska eta mutil. Bizkaikoan bezala, zapatuan sailkapen estropadak egongo dira eta domeka goizean finalak.
74. Espainiako Batel Txapelketa apirilaren 29an eta 30ean jokatuko da, eta 70 baten egongo dira lehian. Txikien mailako mutilek, promesa mailako neskek, kadete mailako mutilek eta gazte eta absolutu mailetako neskek eta mutilek hartuko dute parte, aurrekoak bezala, zapatuan eta domekan lehiatuko diren estropadetan.