Play off-etako bi partidak galduta, 2016-2017 denboraldia amaitu berri da Lointek Gernika Bizkaiarentzat. Zapatuan
Gasteizen lehiatu zuten ligako titulua lortzeko kanporaketaren bigarren partida,
etxeko taldea 57-54 nagusitu zen.
Kanporaketa parekatua izan da, eta horren adierazle dira Malosteko zein Mendizorrotzako emaitzak. Bietan hiru puntuko aldeagaz irabazi du Lacturale Araskik.
Talde gernikarrak hartu zuen
aurre markagailuan, zapatuan. Aurkariarengan hutsegiteak behartuz, defentsa lan sendoagaz ekin zion lehiari. Jokalariak sentsazio onekin jokatzen hasi ziren, eta 0-10ko partziala lortu zuten hasierako minutuetan. Bitartean, Tudanca jokalaria buru zutela, etxekoak aldea gutxitzeko ahaleginean zebiltzan. Aldalurren hirukoagaz 12-13ko markagailua lortu zuten, eta ondoren, Asurmendiren hiruko jaurtiketa bikainagaz, Lointek Gernika Bizkaiak lau puntuko errentagaz amaitu zuen lehen laurdena (
12-16).
Argazkia: Gernika KESB.
Bigarren laurdenerako Mario Lopezek
Garcia eta Diez kantxaratu zituen, eta Mokangok eta Llorentek barrualdeko bikotea osatu zuten. Diez kapitainaren hirukoagaz 14-21ko markagailuagaz jarri ziren, baina, Aldalur Araskiko jokalariak berehala erantzun zion.
Lehia bizia zegoen kantxan, eta harmailetan
giro ikusgarria. Bigarren laurdenean etxeko taldeak gernikarrak baino hobeto jokatu zuen. Urrutiko jaurtiketetan asmatuz, 8-0ko partziala eskuratu, eta markagailuari buelta ematea lortu zuen (22-21).
Lointek Gernika Bizkaiako jokalariei zenbait minututan jokaldietan asmatzea falta izan zitzaien. Esaterako, Asurmendi eta Sandric hirukoekin saiatu ziren, baina ez ziren sartu. Hala ere, Diezen hirukoagaz
24-24ko berdinketa heldu zen, eta orduan, etxekoek hutsartea eskatu zuten.
29-28ko markagailuagaz joan ziren aldageletara, eta hirugarren laurdenean hasierako boskotea kantxaratu zuen Lopezek. Lacturle Araskiko Silva joko antolatzailea giltzarria izan zen momentu askotan, eta Lointek Gernika Bizkaiari dagokionez, Mokango pibota nabarmendu zen batik bat.
Argazkia: Gernika KESB.
44-38ko emaitzagaz amaitu zuten hirugarren laurdena, eta azken txanpa hastean, Armstrongen urruneko jaurtiketekin aldea puntu bakarrera murriztea lortu zuen talde gernikarrak:
44-43. Etxeko taldeak eskatutako hutsartearen ostean, Armstrongen eta Mokangoren jokaldi bikain baten ostean markagailuan aurretik jarri zen Lointek Gernika Bizkaia.
3-10ko partzialagaz Araskiko jokalariak urduri jartzea lortu zuten, eta Diez kapitainaren hirukoaren ostean, lau puntuko aldea eskuratzean (47-51), harmailetan ziren ehun bat zaleak zutik jarri ziren. Denboraldi honetan beste behin, azken minutuak tentsio eta emozio handikoak izan ziren, baina, oraingoan finalerdia lehiatzeko aukera zegoen jokoan, eta bi taldeek bazekiten ezin zutela hutsik egin.
Partida amaitzeko lau minutu eta 46 segundoren faltan, Pinak lesionatuta kantxa utzi behar izan zuen, eta bi minuturen faltan, 51-51ko emaitzagaz garaipena edozeinentzat izan zitekeela antzematen zen. Asurmendiren jaurtiketa libreekin 51-53 jarri ziren, eta Silva etxeko jokalariak berehala erantzun zion nafarrari (54-53). Azken jokaldietan, Sandric hirukoekin saiatu zen, baina ez ziren sartu, eta jaurtiketa libreekin markagailuko aldea handitu zuten.
Argazkia: Gernika KESB.