Busturia TTk denboraldi honetako txirrindulariak aurkeztu ditu
Atzo eguerdian Altamirako kultur etxean eta Ekoetxea Urdaibain batu ziren Busturia Txirrindulari Taldeko kideak, 2017ko denboraldiko taldea aurkezteko.
7-14 urte bitarteko umeen mailan hemeretzi txirrindulari, kadeteetan (15-16 urte) bederatzi txirrindulari eta gazte mailan (17-18 urte), berriz, hiru txirrindulari daude.
Denboraldian lan txukuna egiteko prest eta gogotsu daude Busturia TTko kideak, eta esate baterako, gazteek eguenean (hilak 13) Durangon dute hurrengo lasterketa. Durango-Durango II. Aitor Bugallo memorialean 80 kilometroko ibilbidea egingo dute, eta lasterketa “nahiko gogorra” dela zehaztu dute Busturiako taldeko ordezkariek.
Ondoren, hilaren 22an (zapatua) kadeteek eta gazteek Taldekako Bizkaiko Erlojupeko Txapelketa jokatuko dute Urdulizen.
Emakumeen lasterketa
Bestalde, Emakumeen Euskaldun Torneoaren barruan, Busturiako Udala Saria lasterketa lehiatuko dute Busturian, hilaren 23an (domeka). Udalerrian antolatzen duten emakumeen lehenengo lasterketa da, eta Busturia TTko kideek zehaztu dutenez, emakumeen txirrindularitza bultzatzeko lanean dihardute.
“Kadeteetan Amaia Lartitegi txirrindularia oso ona da, eta emaitza onak lortzen ari da. Orain arte Espainiako Kopan lehiatutako bi lasterketa irabazi ditu, eta sailkapen buru da”, azaldu du Ismael Bilbao taldeko presidenteak.
Kadete, junior, 23 urtez azpiko eta elite mailako txirrindulariek lehiatuko dute datorren asteko proba. Kadeteek 34 kilometroko lasterketa burutuko dute, juniorrek 67 kilometrokoa eta 23 urtez azpikoek eta elite mailakoek, berriz, 87 kilometrokoa.
Argazkiak: Busturia Txirrindulari Taldea