Zapatuko garaipenagaz, Gernika RTk
maila mantentzea ziurtatu du. 39 puntugaz zortzigarrena da sailkapenean.
Hilaren 23an jokatuko dute Ohorezko Mailako azken jardunaldia, eta talde gernikarrak Bartzelonaren kontra lehiatuko du Urbietan. Bestalde, hilaren 30ean Alcobendasen kontra jokatuko du 20. jardunaldian atzeratu zuten partida.
Basurdeak matematikoki mailari eusteko helburuagaz zelairatu ziren Paduran, eta hasierako minutuetan
partida kontrolpean izan zuten. Hala ere, etxeko taldeak estreinatu zuen markagailua. Haeffeli jokalariak lortu zuen arratsaldeko lehen entsegua, eta Arratek transfomatu zuen (7-0).
Entsegua giltzarria izan zen, eta etxeko taldeak partidaren kontrola hartu zuen. Getxoztarrak gustura jokatzen zebiltzan, eta horien emaitzarik gabeko zenbait saiakeraren ostean heldu zen
gernikarren entsegua. Bast kapitainak egin, eta Pichhlerrek transformatu zuen.
Markagailua berdinduta
basurdeak suspertu ziren, eta Katoak beste entsegu bat lortu zuen. 7-14ko markagailuagaz, etxeko taldea berdinketa lortzeko eginahalean zebilen, eta atsedenaldira heldu aurretik zigor kolpe batekin talde gernikarrarengandik lau puntura jartzea lortu zuen (10-14). Baina, lehen zatiko azken minutuetan Gernika RTk nagusitasunez jokatu zuen.
Olaeta basurdea zigortu zuen epaileak, eta zelaian bat gutxiagogaz egon arren, basurdeek zigor kolpe bat aprobetxatu zuten markagailuko aldea handitzeko, eta aldageletara joan aurretik
beste entsegu bat lortu zuten (10-22).
Argazkia: Anuar Gomez.
Bigarren zatia hasi eta berehala, ostera, etxeko taldeak egin zuen entsegua. Jokoari dagokionez, paretsu hasi ziren bi taldeak, baina getxoztarren erasoko jokaldiek
buruhausteak eragin zizkieten gernikarrei. Hala, zigor-kolpe bategaz markagailuko aldea murriztea lortu zuten (18-22), baina, segituan, Gernika RTk hiru puntu eskuratu zituen beste zigor-kolpe bategaz.
54. minutuan, Fordhamek talde
gernikarraren laugarren entsegua egin zuen, eta horri esker mailari eusteko helburua bete zuten. Gero, Palisaren entseguagaz aldea are gehiago handitu zuten, eta etxeko taldeak berehala erantzun zuen, Kleynhansen entseguagaz (haren bigarrena). Arratek ez zuen transformatzerik lortu, eta 23-37ko markagailuagaz jarri ziren. Partidako azken jokaldian, zigor kolpe batekin eskuratu zituzten basurdeek azken hiru puntuak.