Jakina da Gaztelugatxeko San Juanek turista asko eta asko erakartzen dituela, Bermeoren «altxor berezia» dela dio turismo zinegotzi Irune Ormaetxeak. Iaz egin zuten lehenengoz, eta aurten, berriro,
autobus zerbitzua eskainiko du Bermeoko Udalak Aste Santuan Gaztelugatxe bisitatu gura dutenentzako, iazkoa «esperientzia positiboa» izan baitzen.
Ormaetxea eta Gangoiti
Bermibusak eskainiko du zerbitzua. «Turismo iraunkorra bultzatu aldera, uste dugu garrantzitsua dela garraio publikoan Gaztelugatxeko San Juanera joateko aukera ematea», esan du Ormaetxeak.
Eguen, bariku, domeka eta astelehenean, Bermibusa honako orduetan aterako da Bermeotik: 11:00etan, 13:00etan, 15:00etan, 17:00etan eta 19:00etan. Gaztelugatxetik Bermeora, aldiz, honakoetan: 11:15ean, 13:15ean, 15:15ean, 17:15ean eta 19:15ean. Zapatuan, Bermeotik 15:00etan, 17:00etan eta 19:00etan abiatuko da, eta Gaztelugatxetik, 15:15ean, 17:15ean eta 19:15ean.
Baleen historia. Aste Santuan
Aita Guria baleontzia ere zabalik egongo da; apirilaren 7an zabalduko ditu ateak. Aurrekoetan bezala,
bisita gidatuak egiteko aukera egongo da,
euskaraz zein gazteleraz, hainbat ordutan. «Familian bisitatzeko» egokia dela azaldu du Ormaetxeak.
Baina Bermeok askotarako ematen duela adierazi dute. Hala, Arrantzaleen Museoa, Santa Eufemia eta Santa Maria elizak eta San Frantzisko eliza eta bere klaustroa bisitatzeko, Tribisburuko nekropoli erromatarra ezagutzeko eta Aste Santuko prozesioak (apirilak 14, barikua, 11:00 eta 17:30) ikusteko aukera egongo da Aste Santuan.
Arrain mokaduak. Bestalde, Bermeoko Arrain Azokaren baitan Eleizalde ikastolak antolatzen duen pintxo lehiaketara aurkeztu diren tabernek Aste Santutik aurrera lehiaketara aurkeztutako arrain mokaduak dastagai eduki beharko dituzte. Hala,
pintxo lehiaketaren ibilbidea martxan egongo da.
Apirilaren 13an hasi eta maiatzaren 14ra bitartean dauden asteburu eta jai egunetan dastatu ahalko dira lehiaketako pintxoak,
12:00etatik 14:30era. Aurten, 21 taberna ari dira lehiaketan parte hartzen.
Pintxo lehiaketan parte hartzen duten tabernekin eskuorri bat aterako dute. Horietan, pintxoen argazkiak, zelan dauden eginda eta non eskaintzen diren aurkitu ahal izango da. Eskuorria lehiaketan parte hartzen duten tabernetan eta Turismo Bulegoan eskura daiteke.
Eskaintza eta ordutegi guztien berri ematen dute udalaren webgunean (www.bermeo.eus). Bermeokoaz gain, gainera, Urdaibai osoko eskaintza turistikoa eskuratu ahal izango dela esan du turismo teknikari Bego Gangoitik.