Bermeon jokatuko da domekan Bizkaiko Urpeko Arrantza Txapelketa
Izaro Sub klubak antolatutako txapelketa izango da domekakoa. Klubeko arduradunek azaldu modura, 27 parte hartzaile inguruk parte hartuko dute Bizkaiko urpeko arrantza txapelketan. Hala ere, Bermeokoa ez da Euskadiko Urpeko Arrantza txapelketarako sailkapen proba izango. Euskadiko txapelketarako sailkapen proba Zierbenako uretan izango dela jakinarazi dute.
Parte hartzaile guztiak 08:00etan batuko dira Bermeoko portuan. Gauza guztiak prest edukita, 09:00etan hasiko da lehia. Ontzi guztiak leku berdinean egon beharko dute irteera orduan, normalean, Izaro uhartean izaten dela esan dute. 13:00etarako, berriz, bueltan egon beharko dute ontzietan parte hartzaileek; izan ere, 13:30ak baino lehen portuan egon beharra daukate.
Proba bakoitzeko bi epaile egongo direla zehaztu dute, eta gune ezberdinak ikuskatzen ibiliko dira. Izan ere, zenbait gunetan ezin daiteke arrantzatu, “debekatuta baitago”.
Bermeoko portuko ranpa inguruan arrainak pisatuko dituzte, 14:30ak aldera. Ondoren, sari banaketa ekitaldia egingo dute Olatua eskultura inguruan.
Partehartzaileek txapelketan zehar arrantzaturiko arrainak Bizkaiko Elikagaien Bankuari emango dizkiete.