Turismo Bulegoa jarri du aldundiak Gaztelugatxeko San Juanen
Lehengo Bermeo-bakio errepidearen begiratoki batean kokatu dute eta Aste Santuan jarriko dute martxan. Turistei arreta eskaintzeko bulegoa Aste Santuko eta Gabonetako oporraldietan eta udan (ekainaren 1etik irailaren 30era arte) zabalduko dutela azaldu dute gaur. Turismo Bulego berriaren ordutegia etenik gabekoa izango da. Gabonetan, 10:00etatik 17:00etara zabalduko dute, eta 10:00etatik 19:00ak arte, berriz, udan eta Aste Santuan.
Turismo Bulegoa kudeatzeaz Urremendi Landa Garapen Elkartea arduratuko da gaur Gobernu Kontseiluak onetsi duen hitzarmen baten bitartez. Jakinarazi dutenez, euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez eskainiko dute zerbitzua, eta Gaztelugatxeko San Juaneri buruzko informazioa emateaz gain, Bizkaiko lurralde osoari buruzko informazioa ere emango dute.
Bulegoa jartzeko, begiratokian bertan zoladura lanak egin behar izan dituztela azaldu dute Bizkaiko Foru Aldunditik. Eraikinaren diseinua egiterako orduan, paisaiarekiko integrazio estetikoa bilatu gura izan dutela adierazi dute. Hala, zur tratatua erabili dute etxola egiteko, eta eguzki panelak jarri dizkiote.