Atzo Iruñea eta Sarriguren arteko 153,3 kilometroko etapagaz
hasi zen Euskal Herriko 57. Itzulia, eta zapatuan Eibarren lehiatuko duten erlojuaren kontrako saioagaz amaituko da.
Pello Bilbao txirrindularia.
Iaz Caja Rural taldeagaz 17. amaitu ostean,
Pello Bilbaorentzat Astana taldeagaz lehiatuko duen lehen Itzulia da. Mikel Landa arabarraren atzetik, bigarren euskalduna izan zen.
Atzoko etapan 75. sailkatu zen Bilbao. Michael Matthews Team Sunweb taldeko txirrindulari australiarrak irabazi zuen, hiru ordu, 45 minutu eta zazpi segundoko denboragaz. Jay McCarthy (Bora Hansgrohe) eta Simon Gerrans (Orica Scott) bigarren eta hirugarren sailkatu ziren, hurrenez hurren.
Lasterketa hasi eta bost bat kilometrora Masek, Bagotek eta Antonek ihesaldia abiatu zuten. 128. kilometroan Anton harrapatu zuen tropelak, eta helmugarako hogei kilometroren faltan denek bat egin zuten.
Laugarren etapa
Eskualdeko zaleek bi etapa bertatik bertara ikusteko aukera dute aurten.
Egueneko Donostia eta Bilbo arteko etapak Lea-Artibai eta Busturialdea zeharkatuko ditu. 14:30ak aldera helduko da Mutrikura, eta ondoren, besteak beste, Ondarroatik, Lekeitiotik eta Ereñotik pasatu ostean, Gernika eta Bermeo lotzen dituen BI-2235 errepidetik Bermeora heldu, eta Sollube igoko (15:30-16:00) dute Mungiatik Bilbora ailegatzeko.
174,1 kilometroko etapa aparteko zailtasunik gabea da mendate puntuagarriei dagokienez, baina dirudiena baino gorabeheratsuagoa da ibilbidea. Orio, Itziar edo Ereñoko gainak, esaterako, ez dira puntuagarriak, baina nekea pilatzen joango zaie txirrindulariei Sollube eta Bibero igo aurretik. Biak %8ko batezbestekoa gainditzen duten mendateak dira eta Bibero igoeran indartsuen daudenen artean jokatuko da etapa garaipena Bilboko Kale Nagusian.
Biharamunean, berriz, Itzuliko
etaparik gogorrena burutuko dute Bilbo eta Eibarko Arrateko Santutegiaren artean (139,8 km). Eskualdeko zaleek ere hurbiletik jarraitzeko aukera izango dute, izan ere, txirrindulariak Bolibarko bidegurutzetik, Markina-Xemein eta Etxebarriatik pasatuko dira.
Gaur, Iruñea-Eltziego
Gaurko etapak Iruñea eta Eltziego lotuko ditu (
173,4 km), eta bihar, berriz, Gasteiz eta Donostia artean 160,5 km egingo dituzte txirrindulariek.