Monumentua Bizkaiko Foru Aldundiaren lurretan dagoenez, kentzeko baimena eskatu diote.
Sollubeko monumentua. Argazkia: Bermeoko Udala
Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateordeak azaldu duenez, “diktadura frankista garaiko monumentua da Bermeoko udal mugartean dagoena. Sollubeko gudan indar armatu faxistek hildakoen omenez eraikitako monumentu oroigarria da, hain zuzen ere”.
Ibarrolazak gogorarazi duenez, gerra zibilean eta diktaduran pertsekuzioa eta biolentzia jasan zutenen aldeko eskubideak onartu eta gehitu eta euren aldeko neurriak arautzen dituen Estatuko 52/2007 Legeak horrelako monumentuak kentzeko aukera ematen du. Hala, dioenez, Bermeoko Udalak “aukera edukiko luke aipatutako monumentua kentzeko”.
Hala ere, lur pribatuan dagoela zehaztu du, eta kasu horietan, 52/2007 Legearen arabera, “ezer egin aurretik baimena eskatu behar zaio lurraren jabeari”. Lurraren jabea Bizkaiko Foru Aldundia denez, baimena eskatu diote, eta erantzuna baiezkoa izatea espero dutela esan du Ibarrolazak, “ahalik eta arinen kendu ahal izateko”.