Eguaztenean 20:00etan hasiko da
Malosten bi taldeen arteko partida.
2016-2017 denboraldiko bi taldeen arteko partida biak irabazi ditu talde gernikarrak.
Perfumerias Avenida eta Spar Citylift Girona sailkapeneko lehenengo bi taldeak zuzenean sailkatu dira finalerdietara.
Bestalde, IDK Gipuzkoak eta Star Center Uni Ferrolek bigarren txandara sailkatzeko kanporaketa jokatuko dute.
Lehen kanporaketak hiru partidetara izango dira. Aipatu moduan, Gernika-Lumoko taldeak etxean jokatuko du lehenengo partida, eta
zapatuan (hilak 8) Gasteizen jokatuko du bigarrena.
Bietan talde berberak irabaziz gero, ez dute hirugarren partida lehiatu beharko, eta irabazleak finalerdietarako txartela lortuko du. Hirugarren partida lehiatu behar izanez gero, Malosten jokatuko lukete.
Finalerdietara sailkatzen denak Gironaren kontra jokatuko du.
Esku hutsik azken jardunaldian
Emakumezkoen Ligaren 2016-2017 denboraldiko azken jardunaldiko partida guztiak zapatu arratsaldean jokatu zituzten, eta Lointek Gernika Bizkaiak
56-50 galdu zuen Star Center Uni Ferrolen kantxan.
16 garaipen eta 10 porrotekin (2015-2016 denboraldian moduan), 42 puntu eskuratuta, hirugarren postuan amaitu du denboraldia, Girona bigarrenarengandik 5 puntura, eta Avenida liderrarengandik 9 puntura. Hirugarren denboraldia bete du emakumezkoen mailari gorenean, aurreko denboraldietako emaitzak hobetuz (aurreko bietan seigarren geratu zen).
Mario Lopezek ezohiko boskotea kantxaratu zuen zapatuan: Asurmendi, Sandric, Diez, Armostrong eta Lazaro. 5-7ko markagailuagaz aurretik jartzea lortu zuten, baina, minutuak aurrera egin ahala, eraginkortasuna gutxitu, eta puntu bateko aldeagaz amaitu zuten lehen laurdena (13-12).
Bigarren laurdenean bestelako itxura erakutsi zuen talde gernikarrak. Minutu gehien jokatzen dituzten jokalariak kantxaratu, eta
erritmoa berreskuratu zuen taldeak. Halaber, defentsan talde lan handia eginez, aurkariari beren jokoa egitea eragotzi zion. 17-22ko markagailuagaz Lino Lopez Uni Ferrolgo entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen. Entrenatzailearen aginduak ondo bete zituzten etxeko jokalariek, eta defentsa lana hobetuz, eta erasoko jokaldiak ondo irakurriz, bigarren laurdena
24-24ko berdinketagaz amaitzea lortu zuten.
Aldageletatik bueltan, bi taldeei saskiratzeak lortzea kostatu zitzaien. Baloia berreskuratu arren, zenbait jaurtiketa ez ziren sartu, eta beste hainbat jaurtiketa behartuak izan ziren. Bi puntuko aldeagaz jarri zen talde gernikarra
(27-29), baina ez zuen jokoa hobetzen asmatu.
36-34ko markagailuagaz heldu ziren azken laurdenera. Cabrera etxeko jokalariaren hirukoagaz hasi zen azken txanpa. Sandric ere hirukoagaz saiatu zen, baina ez zen sartu. Llorente eraso-erreboteak eskuratzeko zereginean aritu zen, baina ez zituzten aprobetxatu. Jokaldi esanguratsu barik, etxeko taldeak errenta handitzea lortu zuen (41-34). Lointek Gernika Bizkaiaren entrenatzaileak
azken jardunaldietako ohiko boskotea kantxaratzea erabaki zuen, eta ondoren, partida amaitzeko zazpi minuturen faltan, hutsartea eskatu zuen.
Pinaren hirukoagaz 45-39ko markagailuagaz jarri ziren, eta Gernika-Lumoko taldeko jokalariek bazekiten oraindik ere partida irabazteko aukera bazutela. Azken jokaldietan
arriskatzea erabaki zuten, baina hainbat jaurtiketa behartu ez ziren sartu.