Udalbatzak ez du onartu ia udal langile guztien babesa jaso duen mozioa
Atzo egindako azken osoko bilkuran aurkeztu zuten Gernika-Lumoko Udaleko ELA eta LAB sindikatuek –udal langileen ia erabateko babesagaz– martxoaren 1ean udaletxean aurkeztutako mozioa. Horretan, besteak beste, udal gobernuari esakatzen zioten udaleko beharginen lanpostuen balorazioa aurrera eramateko proposamena mahai gainean jartzea eta sindikatuekin negoziazio prozesu bat abiaraztea. Mozio hori, baina, ez zuen azken osoko bilkurak onartu, EH Bilduk aldeko eta EAJkoek kontrako botoa eman baitzuten.
Mozioa udaletxean aurkeztu zutenean balorazio mahaia berriro martxan jartzeko, eta helegiteak aztertu ondoren, behin betiko balorazioa burutzeko eskatu zioten langileria arloko arduradunari. Eskaera hori, baina, ustez, «bete» dela azaldu dute sindikatuek;?izan ere, balorazio mahaia egin dute hileon.
Balorazio mahaiko inpresioak
Dena den, mahai horretan izan ziren ordezkariek «inpresio txarra» hartu zutela azaldu zuten eguazteneko osoko bilkuran. Eta EH Bilduk ere aitortu zuen pentsaera beragaz atera zela. Hala, koalizioak udalaren aldetik erakutsitako «zintzotasun falta salatu du. Era berean, balorazio horretarako diru proposamenik ez aurkeztea ere kritikatu du, eta gogoratu du «140 langile balorazio baten zain» daudela.
Ana Hormaetxe langileria arloko arduradunak, bere aldetik, adierazi du balorazio mahaian konpromiso batzuk hartu zituztela; horien artean, esaterako, negoziazio mahaia egitearena. Sindikatuek, baina, zalantzan jarri dute egingo denik. Eta bertan zein proposamen landuko liratekeen ere ez dakitela azaldu dute.
Bestalde, balorazioaren ondorioei erantzun ahal izateko beharko litzateken diru kopurua aurrekontuetan aurreikustea eskatu dute ELA eta LABek.
Azken finean, sindikatuek «berme publiko bat» eskatu dute, hartutako konpromisoak beteko direla ziurtatuko duena.