
Gurutze Gorriak pertsona nagusi eta aniztasun-funtzionala daukaten herritarrei zuzendutako hurbiltasun eta laguntza programa martxan jarri gura du Busturialdean. Horretarako, batetik, boluntarioak behar dituzte, eta, bestetik, laguntza hori eskatuko duten pertsonak.
Jone Miren Urionabarrrenetxea Bermeoko Gurutze Gorriko gizarte langileak azaldutakoaren arabera, «etxez-etxeko zerbitzuaren antzerako programa bat izango litzateke. Askotan, baina, zenbait pertsonentzako etxez-etxeko zerbitzua oso garestia da. Beste batzuetan, berriz, badute norbait etxean zainketa lanak egiteko, baina pare bat orduz bakarrik».
Zerbitzua eskatzen dutenek, boluntarioekin etxean zein kalean egoteko aukera edukiko dutela aipatu du Urionabarrenetxeak: «Erosketak egitera atera daitezke, paseo bat ematera, kafe bat hartzera, edo etxean gera daitezke. Zerbitzuaren eskatzailearen eta boluntarioaren artean adostutako gauzak egiteko aukera ematen du». Hortaz, programak pertsona horiek beraien etxean eta ingurunean bizitzen jarraitu dezaten, autonomia pertsonala eta gizarteratzea sustatuko dute, bakardade egoerei aurre eginez.
Programa ezberdinak. Bi motatako laguntza programak daudela jakinarazi du, gainera: Erregularra eta puntuala. Laguntza erregularrean, boluntarioa astean bi edo hiru egunetan batu daiteke zerbitzuaren eskatzailearekin; eta, puntuala, esaterako, medikuarengana joateko erabil daiteke; «adibidez, adinekoek ez dutelako bakarrik joan gura», dio Urionabarrenetxeak.
Eskualde honetan «hastapenean» daudela dio Gurutze Gorriko langileak, eta programaren nondik norakoak «ahalik eta gehien» zabaltzeko lanean dabiltzala esan du. Bermeon, adibidez, Gizarte Ongizaterako Patronatuarekin harrematen jarri dira, programa aurkezteko.
Martxan jarri nahi duten zerbitzuan, seme-alabekin bizi diren adinekoek ere parte har dezaketela jakinarazi dute
Bestalde, telefono bidezko jarraipena egiteko zerbitzua ere badutela azaldu du Urionabarrenetxeak, eta programa hori martxan dagoela gaineratu du. Zerbitzu horren bitartez, telefonoz komunikatzen dira adinekoekin. «Zelan dauden galdetzeko deitzen diegu, eta eurekin minutu batzuk berba egiteko aukera edukitzen dugu. Gainera, urtean zehar kanpaina ezberdinak egiten ditugu. Bero boladak, hotz boladak, gripea edota lapurretak eta iruzurrak prebenitzeko kanpainak egiten ditugu, eta telefonoz gomendioak ematen dizkiegu adinekoei. Eurekin berba egiteko beste aitzakia bat da», dio Urionabarrenetxeak.
Bermeon, baina, pertsona nagusi gehienak seme-alabekin edo zaharren egoitzetan daudela dio, «edo, agian, ez ditugu ezagutzen». Martxan jarri nahi duten zerbitzuan, seme-alabekin bizi diren adinekoek ere parte har dezaketela jakinarazi dute: «Askotan gertatzen da adinekoak seme-alabekin bizi direla, baina horiek lanera joan beharra daukatela eta, ondorioz, ordu askotan bakarrik egoten dira etxean, telebista aurrean. Beraz, zerbitzu horren bitartez, zenbait egunetan norbaitekin egoteko eta hitz egiteko aukera eduki dezakete».

Gurutze Gorriko boluntario bat adineko pertsona batekin, laguntza programan. Argazkia: Gurutze Gorria
Mankomunitateagaz batera. Gernika-Lumoko Gurutze Gorriak Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateagaz elkarlanean, laguntza puntual bat eskaintzen du. Goizane Bilbao Gernika-Lumo Gurutze Gorriko gizarte langileak azaldu legez, «astelehenero medikuarengana eramaten dut pertsona bat. Gernikako egoitzan auto egokitu bat daukagu, eta zerbitzu horren erabiltzaileak mota horretako auto bat behar du». Kortezubiko bizilagun bat da laguntza puntualaren zerbitzua erabiltzen duena, eta, astelehenero, Gautegiz Arteagako osasun etxera eramaten dute.
18 urtetik gorako edozein pertsona izan daiteke boluntario. Hori bai, azaldu dutenez, «denbora librea» eduki behar dute,
Bestalde, Gernikako egoitzan, laguntza erregularra eskatu zuen pertsona bat izan zuten abuztuan. Bilbaok azaldu legez, «Gorabideko pertsona bat zen, eta abuztuan Gorabiden lanik egiten ez dutenez, boluntario bat ibili zen zerbitzua ematen. Astean birritan joaten zen Mundakara».
Denbora librea. Bermeon, boluntario bat dago laguntzak egiteko prest dagoena, eta beste bat dago telefono deiak egiten dituena. Gernikan, gutxi badira ere, lau edo bost boluntario daude lanerako prest. Hala ere, laguntza programa nori eskaini bilatzen ari direla esan du Bilbaok.
Boluntarioen lana «aberasgarria» dela diote; «beste pertsona bati laguntzen ari zarela jakiteak asebete egiten zaitu, eta beste aldean dagoen pertsonaren egoera ulertzeko ere balio du».
18 urtetik gorako edozein pertsona izan daiteke boluntario. Hori bai, azaldu dutenez, «denbora librea» eduki behar dute, eta daukaten denboraren zati bat adinekoekin edota aniztasun-funtzionala daukatenekin emateko prest egon behar dute. Horregatik, laguntza erregularraren programarako perfil egokiena «erretiroa hartuta dauden pertsonak» izango liratekeela uste dute Gurutze Gorriko gizarte langileek, denbora gehiago daukatelako. Hala ere, edozeinentzako ateak zabalik dauzkate.
Boluntario egiteko zein zerbitzuaren eskatzaile egiteko Bermeoko edo Gernika-Lumoko Gurutze Gorriaren bulegoetara jo dezake interesa duenak
Boluntarioen lana «aberasgarria» dela diote; «beste pertsona bati laguntzen ari zarela jakiteak asebete egiten zaitu, eta beste aldean dagoen pertsonaren egoera ulertzeko ere balio du». Era berean, bien artean sortzen diren harremanak nabarmendu gura izan dituzte. «Programa hau martxan dagoen beste herri batzuetan ikusi da boluntarioen eta adinekoen artean sortu diren harreman estuak, denak ondo hitz egiten dute programari buruz».
Gurutze Gorriko langileek jarraipen zehatzak egiten dizkiete bai boluntarioei, bai eta zerbitzua jasotzen dutenei ere. «Lehenengo bisita, gainera, gugaz egiten dute. Guk ere joan beharra daukagu etxea zelan dagoen jakiteko, boluntarioak ondo zaindu beharra daukagu».
Boluntario egiteko zein zerbitzuaren eskatzaile egiteko Bermeoko edo Gernika-Lumoko Gurutze Gorriaren bulegoetara jo dezake interesa duenak.
Laguntza programak, «oso gainean» egotea eskatzen duela dio Urionabarrenetxeak, bestela, «galdu egiten da». Gainera, laguntza puntualetatik laguntza erregularrak sor daitezkeela diote, «eta horiek gutxika-gutxika ikusten dira».
Boluntario egiteko zein zerbitzuaren eskatzaile egiteko Bermeoko edo Gernika-Lumoko Gurutze Gorriaren bulegoetara jo dezake interesa duenak. Telefonoz deitzea ere posible da: 94-688 36 16 (Bermeo) edo 94-625 19 88 (Gernika-Lumo).